Itsas energiei buruzko nazioarteko kongresu handienaren egoitza izango da Donostia

icoe

  • ICOE 2022ren hautagaitza Donostia Turismoaren Kongresu eta Ekitaldien sailetik bultzatu zen, kongresu potentzial hau identifikatu eta gero, BiMEP – Biscay Marine Energy Platform, Tecnalia, Euskadiko Energia Klusterra, Kursaal Biltzar Jauregia eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Sailarekin harremanetan jarri baitzen, elkarrekin lan egiteko nazioarteko kongresua Donostiara erakartzeko helburuarekin.
  • ICOE – International Conference on Ocean Energy – Kongresua Euskadiko Energia Klusterra Elkarteak antolatuko du, BiMEP eta Tecnaliaren laguntzarekin, 2022ko urriaren 18tik 20ra Kursaal Biltzar Jauregian, eta nazioarteko 900 ordezkari inguru bertaratzea aurreikusten da.
  • DSS Turismoak bilera-turismoaren aldeko apustua egiten du, eta, horretarako, bertako profesionalekin etengabeko harremanetan lan egiten du, sinergiak eta ezagutza-trukeak ekarriko dituzten lanbide-ekitaldiak erakartzeko, funtsezkoak baitira lan egiten duten zientzia-, ingurumen-, medikuntza- edo ekonomia-sektoreen etorkizuna diseinatzeko.

ICOE 2022 nazioarteko kongresua, itsas energien munduko ekitaldirik handiena, Donostian egingo da, Kursaalen, datorren urteko urriaren 18tik 20ra, eta 30 herrialdetatik datozen sektoreko 900 parte-hartzaile eta enpresa inguru hartuko ditu.

Euskadiko Energia Klusterra Elkarteak antolatuko du ekitaldia, BiMEP (Biscay Marine Energy Platform) eta Tecnaliaren laguntzarekin, eta Donostia Turismoaren Kongresu eta Ekitaldi Sailak Donostiaren hautagaitza Asiako, Australiako edo Amerikako beste egoitza potentzial batzuen aurrean bultzatzeko egindako lanari esker egin da.

Turismo zinegotziak, Cristina Lagé-k, esan bezala, "horrelako ekitaldi bat antolatzea izugarrizko ohorea da hiriarentzat. Gainera, Australia edo Kanadarekin zuzenean borrokatu den kongresua da, beraz, Donostia itsas energiaren hiria izatea lortu izanak asko pozten gaitu ".

DSS Turismoak kongresu potentziala identifikatu zuen, eta BiMEP – Biscay Marine Energy Platform- eta Tecnaliarekin harremanetan jarri zen hautagaitzen batzorde ebaluatzaileak balora ditzakeen funtsezko alderdiak prestatzeko – gobernu erakunde baten babesa (EEE), sektore industrialaren babesa (Euskadiko Energia Klusterra) eta batzorde antolatzailea-, behar tekniko (aretoen gaitasuna, erakusketa-guneak, gala-afariak eta abar) eta energia berriztagarrien espazioetara egin beharreko bisita teknikoez gain. Ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Sailak, Kursaal Biltzar Jauregiak eta Euskadiko Energia Klusterra Elkarteak bat egin zuten lan-bilerekin.

Donostia ICOE 2022ren egoitza izateko hautaketan, ekitaldiaren batzorde antolatzaileak euskal garapen teknologikoaren ibilbidea eta potentziala goraipatu ditu, eta, zehazki, erreferentziazko bi proiektu Mutrikun eta Armintzan, Energiaren Euskal Erakundeak abian jarriak.

Energia Ozeanikoari buruzko Nazioarteko Konferentzia (ICOE) Ocean Energy Systems erakundeak deitzen duen ekitaldia da, eta bere hautagaitza sustatzen duen tokiko erakunde batekin (kasu honetan, Euskadiko Energia Klusterra) lankidetzan garatzen du.

Biltzar-jarduera DSS Turismoak bultzatutako ildo estrategikoetako bat da, ezagutza sortzen eta partekatzen laguntzen duelako, bai eta etxeko jarduera ekonomikoa posizionatzen, ikusarazten eta dinamizatzen ere. Horregatik, etengabe ari da lanean bertako profesionalekin harremanetan, eta egiaztatu du hauek Donostiara bilera profesionalak erakartzeko interesa dutela, etxean ekitaldi horiek anfitrioi izateak ematen dien ospeagatik eta ikusgarritasunagatik, eta sortzen diren sinergiengatik eta ezagutza-trukeengatik.