Donostia Turismoaren Convention Bureauk helmuga sustatzeko lanak indartu ditu MICE merkatuetan eta topaketa profesionaletan

Donostia Turismoaren Convention Bureauk MICE segmentuari lotutako zenbait ekintza profesionaletan parte hartu du maiatzean eta ekainean, helburu gisa harturik Donostiaren posizionamendua indartzea kongresuak, bilerak, pizgarriak eta ekitaldi korporatiboak antolatzeko erreferentziazko destino gisa.
Ekimen horiei esker, Donostiako MICE eskaintza nazioarteko merkatu estrategikoetan aurkeztu da, lankidetza aukera berriak sortu dira eta harremana sendotu da sektore horretako agentzia, elkarte eta profesional espezializatuekin.

Sustapen ekintzak eta topaketa profesionalak

Maiatzaren 12tik 14ra bitartean, Poloniako merkatutik etorritako MICE sektoreko zortzi agenteren bisita jaso zuen Donostiak, zortziak ere pizgarri bidaia korporatiboak antolatzen espezializatuak. Fam trip hori BasqueTourrek antolatu zuen Varsoviako Turismo Bulego Espainiarrarekin elkarlanean.

Gipuzkoan eta Donostian eginiko egonaldian, taldeak destinoko MICE eskaintzari lotutako baliabide eta espazioak ezagutu zituen; horien artean, Donostia Turismoarekin elkartutako enpresak nabarmentzen dira: Begi-Bistan, Sagardoetxea, Petritegi sagardotegia, San Telmo museoa, Miramar jauregia, Londres hotela, Villa Favorita hotela, Aquariuma, Albaola Itsas Kultur Faktoria, Ziaboga jatetxea, Bodegón Alejandro eta Balenciaga museoa. Gainera, bisita gidatuak ere izan ziren Ana Intxaustirekin, eta taldeak Zinema7 hotelean hartu zuen ostatu.

Maiatzaren 18an, IMEX Frankfurt azokaren aurretik, Donostia Turismoak ICCA Business Global Exchange topaketan parte hartu zuen. Ekitaldi hori ICCAk antolatua da, eta bereziki diseinatua da elkarteko kideek nazioarteko kongresu eta ekitaldi berriei buruzko informazio estrategikoa partekatzeko. Hitzordu horrek jakintza trukatzea, etorkizuneko negozio aukerak identifikatzea eta hautagaitza eta lankidetza posibleak garatzea bultzatzen du.

Maiatzaren 19tik 21era, Donostia Turismoak IMEX Frankfurt azokan parte hartu zuen; hau da, MICE sektoreko nazioarteko azokarik garrantzitsuenetako batean. Donostiako ordezkaritza, bederatzigarren urtez jarraian, Frankfurteko Turismo Bulego Espainiarrarekin batera izan zen, Turespañaren standaren barruan.

Convention Bureauren laguntzari esker, aurten Donostia Turismoko bi enpresa elkartuk ere parte hartu zuten azokan: batetik, Kursaal Biltzar Jauregiak eta Miramar Jauregiak, eta, bestetik, Londres hotelak eta Villa Favorita hotelak. Azokako hiru egunetan, Donostia Turismoaren Convention Bureauk hogei bat bilera egin zituen Europako merkatu nagusietako profesionalekin, bai eta Japonia eta Koreakoekin ere. Horretaz gainera, ordezkaritzak aurkezpen ireki bat eta beste talde aurkezpen bat antolatu zituen Bilbao Convention Bureaurekin batera, Euromiceko bezeroei zuzenduta.

Ekainaren 3tik 5era, Convention Bureauk Las Palmas Kanaria Handikoan egindako Bilkura Turismoari buruzko Urteko Topaketan eta Spain Convention Bureauren Batzarrean parte hartu zuen. Topaketa hartan, sektoreko destinoak eta profesionalak elkartu ziren, helburu gisa harturik elkarrekin lanean jarraitzea jakintza partekatzeko, joerak aztertzeko eta bilkura turismoa bultzatzeko.

Azkenik, ekainaren 7tik 9ra, Donostia Turismoak Europe Congressek Düsseldorfen antolatutako Events Club Life Sciences Forum ekitaldian parte hartu zuen, eta Kursaal Biltzar Jauregiarekin partekatu zuen agenda. Lan tailer horrek bizi zientzien industriarako bilerak eta kongresuak antolatzen espezializatutako 60 MICE eragile baino gehiago elkartu zituen: besteak beste, Alemania, Austria, Suitza, Erresuma Batua, Irlanda, Frantzia, Benelux eta Eskandinaviako enpresa, elkarte eta agentziak.

Bilkura turismoa bultzatzea

Ekintza profesional horietan parte hartzea aukera bikaina da Donostia Turismoaren Convention Bureaurentzat bere kontaktu sarea indartzeko eta negozio aukera berriak identifikatzeko, baita destinoak MICE segmentuan duen nazioarteko posizionamendua sendotzeko ere.

Bilkura turismoak esparru estrategikoa jarraitzen du izaten hiriarentzat, potentzial handia baitu talentua eta jakintza erakartzeko, jarduera ekonomikoa sortzeko eta destinoaren nazioarteko posizionamenduan laguntzeko. Era berean, nabarmentzekoa da turismo jardueraren urtarokotasuna eteteko duen potentziala ere.
 
Convention Bureau
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.