Donostiak etorkizunari begiratzen dio Enbaxadore sarearen eskutik: talentua, ezagutza eta lankidetza

Jon Insausti Donostiako alkateak urriaren 30ean Enbaxadore sareko kideekin lehen bilera egin zuen, Donostia Turismoko Convention Bureauk eta Kursaal Zentroak sustatutako ekimenaren sarearekin, hain zuzen ere. Jardunaldiak elkarrizketarako gune bat eskaini zuen, hiriaren indarguneez eta erronkez, zientziak eta ezagutzak haren garapenean duten eginkizunaz eta kongresuek talentua erakartzeko, aliantza berriak sortzeko eta Donostiaren nazioarteko proiekzioa indartzeko eskaintzen dituzten aukerez hausnartzeko.

Topaketan hiriko hainbat arlo estrategikotako profesionalak bildu ziren, baita Olatz Yarza Mugikortasuneko, Garraio Jasangarriko eta Turismoko zinegotzi ordezkaria, Isabel Aguirrezabala Donostia Turismoko zuzendari nagusia eta Iker Goikoetxea Kursaal Zentroko zuzendari nagusia ere.

Hiri handi baten ezaugarriak dituen hiri txikia

Bere hitzaldian, Jon Insausti Donostiako alkateak hiriaren berezitasuna nabarmendu zuen: tamaina txikia izan arren, nazioarteko oihartzuna duen jarduera zientifiko, kultural eta ekonomikoa du Donostiak.
Alkateak Donostiaren beste «parekorik gabeko esparrua» aldarrikatu zuen, turismo-erakargarriak baino ezezagunagoa baina haiek bezain apartekoa den errealitatea: unibertsitateek, enpresek, zientzia- eta teknologia-zentroek eta erreferentziazko profesionalek osatzen dutena.

Era berean, benetakotasuna hiriaren indargune nagusietako bat dela defendatu zuen: «Ez ditugu ekitaldiak erosten, geureak sortzen ditugu». Horrela, Donostiaren ezagutzarekin eta espezializazio-arlo propioekin lotutako topaketak sustatzearen garrantzia azpimarratu zuen.

Ezagutzatik sortzen diren eta aukerak zabaltzen dituzten kongresuak

Parte-hartzaileak bat etorri ziren kongresuak topaketa profesional hutsak baino askoz gehiago direla esatean: ezagutza trukatzeko, aliantzak sortzeko eta talentua erakartzeko guneak dira.

Elkarrizketan, kongresu zientifikoek ideiak trukatzeko eta ezagutza sortzeko gune pribilegiatu gisa duten eginkizuna nabarmendu zen, baita tokiko ikerketa ezagutarazteko, lankidetza berriak ezartzeko eta belaunaldi berriei ateak irekitzeko eskaintzen dituzten aukerak ere.

Ildo horretan, hiriko jarduera zientifikoarekin eta profesionalarekin lotutako kongresuak sustatzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu zen, Donostiaren espezializazio-arlo propioetatik abiatuta haren nazioarteko posizionamendua indartzeko.

Halaber, Donostian kongresuak bultzatzen dituzten profesionalei laguntzeko Donostia Turismoa Convention Bureauk betetzen duen eginkizuna aitortu zen.

Erreferente izatea, talentua erakartzea eta bertan atxikitzea. Zientzia herritarrengana hurbiltzea.

Tokiko zein nazioarteko talentua erakartzea eta bertan atxikitzea izan zen elkarrizketaren ardatz nagusietako bat.

Isabel Aguirrezabalak Enbaxadore sarearen balioa nabarmendu zuen, hiriko arlo estrategikoetako profesionalen komunitate gisa, eta jardunaldian partekatutako lehentasunak laburbildu zituen: erreferente izatea, talentua erakartzea eta bertan atxikitzea, eta Donostian proiektuak garatzeko behar den laguntza eskaintzea.

Ildo horretan, tokiko talentuari balioa ematearen eta hiriaren barruan ere enbaxadore gisa jardutearen garrantzia agerian geratu zen, zientzia, ikerketa eta kongresu-jarduera herritarrengana hurbilduz. Hausnarketa horrek azpimarratzen du donostiarrek beren inguruan sortzen diren ezagutza eta jarduera zientifikoa hobeto ezagutzeko eta horien parte sentitzeko beharra.

Identifikatutako erronken artean, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak eta profesional berrien ostatuarekin eta integrazioarekin lotutako arazoak nabarmendu ziren.

Kongresuen ondarea eta tokiko lankidetza

Partekatutako beste mezuetako bat izan zen kongresuek ondare positibo eta iraunkorra utzi behar dutela, kongresua bera amaitu ondoren ere tokiko sarearen garapenari, ezagutzaren dibulgazioari eta herritarren inplikazioari ekarpena egiteko.

Topaketaren amaieran, Jon Insaustik Enbaxadore sareak profesionalak konektatzeko, aliantzak sortzeko eta nazioarteko aukera berriak zabaltzeko duen balioa nabarmendu zuen. Jorge Oteizak norberarena sakonduz unibertsaltasunera iristearen garrantziaz egindako hausnarketa gogora ekarriz, tokiko ekosistema hobeto ezagutu eta Donostiatik elkarlanean aritzeko beharra defendatu zuen, nazioartean lehiatu ahal izateko.

Hala, jardunaldiak berretsi zuen Enbaxadore sarea talentua, ezagutza eta aukerak konektatzeko tresna estrategikoa dela, Donostiaren indargune propioetatik abiatuta hiriaren nazioarteko proiekzioa indartzeko.
 
Convention Bureau
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.