Ekainean osasunari, zientziari, jasangarritasunari eta zahartze osasungarriari buruzko puntako kongresuak egingo dira Donostian

Donostia ciudad de ciencia

Donostiak ekainean hainbat ezagutza-arlotako profesionalak eta adituak bilduko ditu, garrantzi handiko estatuko zein nazioarteko zenbait kongresutan. Hiria, beste behin ere, helmuga erakargarri bilakatu da sektore estrategikoei lotutako topaketa profesionalentzat; besteak beste, ikerketa zientifikoarekin, osasunarekin, jasangarritasunarekin, material aurreratuekin eta berrikuntza sozialarekin lotutakoentzat.

Kongresuen sasoia ekainean hasiko da, 1etik 5era bitartean, International Symposium on Polymer Electrolytes delakoaren 19. edizioarekin (ISPE-19), Miramar jauregian. Euskal Herriko Unibertsitateak, POLYMATek eta LEPMIk batera antolatutako sinposio honetan, elektrolito polimerikoetan espezializatutako nazioarteko ikertzaileak bilduko dira, energia biltzeko eta eraldatzeko belaunaldi berriko teknologia elektrokimikoen azken aurrerapenak jorratzeko. Topaketa hori Donostiaren hautagaitzak irabazi ostean antolatuko du POLYMAT tokiko sustatzaileak, Donostia Turismoaren laguntzaz.

Ekainaren 3aren eta 5aren artean, Kursaalen Larrialdietako Medikuntzaren Espainiako Sozietatearen 36. Kongresu Nazionala egingo da, osasungintzaren arloko topaketa garrantzitsuenetako bat. «Zurekin Aurrera» goiburua izango du, eta larrialdietako arreta hobetzea izango da bere xede nagusia, ikuspegi kolaboratibotik eta medikuntzako, erizaintzako eta larrialdietako profesionalen lana herritarrekiko konexioarekin uztartuz. Kongresu hau ere irabazitako hautagaitza batetik dator, eta Donostia Turismoaren laguntza eta Kursaaleko informazio-turistikoko puntua izango ditu.

Osasungintzaren arloko beste biltzar baten egoitza ere izango da Kursaal, ekainaren 11tik 13ra Pediatriaren Espainiako Elkartearen (AEP) Pediatriako 72. Kongresu Nazionala han egingo baita. Topaketa horrek egungo pediatria-jardunerako hainbat gai garrantzitsuri helduko die; esaterako, teknologia berriak arreta klinikoan txertatzeari, haurren osasunaren ikerketako azken aurrerapenei eta pazienteen zainketaren ikusmolde integralari. Kongresu hori ere aurkeztu eta irabazitako hautagaitza batetik dator, eta Donostia Turismoaren babesa eta laguntza jasoko du.

Ekainaren 15ean eta 16an, aldiz, materialen zientzia, jasangarritasuna eta berrikuntza izango dira nagusi, Green Chemistry and Nanotechnologies in Polymeric Materials (GCNPM) konferentzia egingo baitute Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan. Topaketa horretan zientzialariak, ikertzaileak eta industriaren ordezkariak bilduko dira, kimika berdean, nanoteknologietan eta polimeroen zientzian izandako azken aurrerapenak partekatzeko. Kongresuak iraun bitartean egungo ingurumen-erronkei erantzuteko estrategia berritzaileak eta irtenbide jasangarriak landuko dira. Kongresuaren irekieran Donostiako Udala egongo da.

Kongresuen hilabetea ekainaren 16tik 18ra arteko azkenarekin bukatuko da, Kursaalen World Congress on Age-Friendly Cities and Communities (CAFC) biltzarra egiten dutenean. IMSERSOk antolatzen du, Osasunaren Munduko Erakundearen babesarekin eta Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta «Elkarrekin eraldatzen! Belaunaldi guztientzat konektatua, bidezkoa eta jasangarria den hiri lagunkoien mundua» izango da bere goiburua. Zahartze Osasuntsurako Nazio Batuen Hamarkadaren lehen erdian egingo da, eta aurrerakuntzak aztertzeko, datozen erronkak identifikatzeko eta 2030erako lehentasun estrategikoak definitzeko parada emango du. Topaketa horrek Donostia Turismoaren babesa eta laguntza izango du, informazio turistikoko puntu bat jarriko baita Kursaalen, eta parte-hartzaileek garraio publikoko sarea erabiltzea sustatzeko neurriak hartuko dira.
Egitarau honen bitartez, Donostiak indarra hartzen du ezagutzari, ikerkuntzari, berrikuntzari eta gizartearen erronka handiei lotutako balio erantsi handiko kongresu espezializatuen egoitza modura. Izan ere, horrelako hitzorduek hiria biltzar-turismorako helmuga lehiakor eta egokia dela erakusten laguntzen dute, eta kongresuen eredu jasangarri, kualifikatu eta tokiko ekosistemarekin konektatuarekin bat datorrela.

Convention Bureau
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.