ELKARRIZKETA | Jesus Ruiz-Cabello, Ikerbasque ikertzailea eta CIC biomaGUNEko Biomarkatzaile Molekular eta Funtzionalen taldeko ikertzaile nagusia

SIGN Conference 2027 – Society for Image-Guided Neurointerventions

CIC biomaGUNEk, Jesus Ruiz-Cabello buru izan duen hautagaitzari esker, Donostia, SIGN Conference 2027 kongresuaren egoitza izatea lortu du. 2024an Hyderabad-en (India), 2025ean Basilean (Suitza) eta 2026an Victoria Fallsen (Zimbabwe) egindako edizioen ondoren, Society for Image-Guided Neurointerventions (SIGN) elkartearen nazioarteko kongresua Miramar Jauregian egingo da, 2027ko martxoaren 19tik 21era.

Elkarte zientifiko horrek hainbat diziplinatako espezialistak biltzen ditu, irudi bidez gidatutako esku-hartzeen bitartez garuneko eta bizkarrezur-muineko gaixotasunei aurre egiteko terapia berriak sustatzeko. Topaketa horrek aukera berri bat eskainiko du Donostiaren ahalmen zientifikoa eta kongresuak hartzeko helmuga gisa dituen indarguneak nazioartean ezagutarazteko.

Jesus Ruiz-Cabellorekin hitz egin dugu, Ikerbasque ikertzaile eta CIC biomaGUNEko Biomarkatzaile Molekular eta Funtzionalen taldeko ikertzaile nagusiarekin.

1. SIGN (Society for Image-Guided Neurointerventions) ezagutzen ez dutenentzat, nola azalduko zenuke zer den elkarte zientifiko hori eta zer eginkizun duen nazioartean?

SIGN irudi bidez gidatutako neuroesku-hartzeen edo neurorradiologia interbentzionistaren elkartea da. Neurorradiologia interbentzionista erradiologiaren adar berri bat da, eta gorakada handia izaten ari da.

SIGN irabazi-asmorik gabeko nazioarteko erakundea da, zientzialariek, ingeniariek eta profesional klinikoek osatua, eta 2018an sortu zen. Zientziaren hainbat arlotan izandako garapen teknologiko gero eta handiagoak eskaintzen zuen aukera paregabearen ondorioz sortu zen SIGN.

Marylandeko Johns Hopkins Unibertsitatean ezagutu nituen neurozirujauek sortu zuten arren, pixkanaka bere jarduera-eremua zabaldu zuen, eta gaur egun askotariko profil zientifikoak biltzen dituen elkartea da, betiere irudi bidez gidatutako garuneko ikuspegi terapeutiko berriak garatzeko helburuarekin.

SIGNen barruan hainbat arlo daude, besteak beste, neurorradiologia interbentzionista, erresonantzia magnetikoa (EM), positroi-igorpen bidezko tomografia (PET), neurofarmakologia eta adimen artifiziala.

Hasieran, elkartea sortu zenean, arlo horietako bakoitzak ordura arte sekula ikusi gabeko erabilgarritasuna zuten tresnak eskaintzen zituen: agente terapeutiko ahaltsuak, farmakoak modu selektiboan emateko metodoak, garunaren egitura eta funtzioa ikusteko teknikak eta kalkulu-ahalmen izugarria, besteak beste. Azpimarratzekoa da elkarren osagarri diren arlo horiek sinergia handia eta balio erantsi nabarmena eskaintzen dituztela batera erabiltzen direnean.

2. Noiztik duzu harremana SIGNekin, eta zer bilakaera izan du komunitate zientifiko horrekin duzun loturak? Zer garrantzi izan dute nazioarteko harremanek eta lankidetzek hautagaitza sustatzeko orduan?

SIGNekin harremana dut elkartea formalki sortu aurretik ere. Haren sortzaileetako bi, Miroslav Janowski eta Piotr Walczak doktoreak, Baltimoreko Johns Hopkins Unibertsitateko Erradiologia Sailean egin nuen egonaldian ezagutu nituen. Harrezkero, harreman zientifiko eta pertsonal estua izan dugu, eta nazioarteko lankidetzen eta partekatutako proiektuen bidez sendotuz joan da.

SIGNekin dudan lotura modu naturalean bilakatu da, elkartea sendotzen joan den heinean. Piotr Walczak doktoreak bi aldiz bisitatu du CIC biomaGUNE, nazioarteko ikertzaileak erakartzeko gure programaren barruan irakasle gonbidatu gisa, eta gaur egun hainbat esperimentu bateratutan ari gara elkarlanean. Gainera, gure taldeko doktoregai ohi batek, Lucia Fadon doktoreak, Walczak doktorearen taldean egiten du ikerketa-lana gaur egun, eta horrek are gehiago sendotu ditu bi erakundeen arteko loturak.

SIGN komunitatean ere aktiboki parte hartu dut. Erresuma Batuko Warwick hirian egindako nazioarteko kongresuetako batean hizlari izan nintzen, eta, duela gutxi, 2026an Zimbabwen egindako topaketan, Donostiak elkartearen urteko bilkuraren etorkizuneko edizio bat hartzeko hautagaitza aurkeztu nuen.

Nazioarteko harremanak eta lankidetzak funtsezkoak izan dira hautagaitza sustatzeko. SIGN oso komunitate zientifiko kohesionatua da, hainbat herrialdetako ikertzaileen arteko konfiantzan eta lankidetzan oinarritua. Elkarteko hainbat kiderekin urteetan egindako ibilbide bateratuak eta CIC biomaGUNEk zein Donostiak nazioartean duten ikusgarritasunak asko erraztu zuten proposamena. Gainera, elkartearen nortasun-ezaugarrietako bat da bere topaketak leku berezietan eta nortasun propioa duten hirietan egitea. Horregatik, gure hiriaren bikaintasun zientifikoaren, antolaketa-gaitasunaren eta nazioarteko erakargarritasunaren arteko uztarketari esker, SIGNeko kideek gogo handiz hartu zuten hautagaitza.

3. Noiz sortu zen Donostiak SIGN 2027 hartzeko hautagaitza aurkezteko ideia, eta nolakoa izan zen hautagaitzaren prestaketa eta aurkezpena? Zertan izan zitzaizuen bereziki baliagarria Donostia San Sebastián Turismoaren Convention Bureau-ren laguntza eta aholkularitza?

Hainbatetan planteatu izan nuen ekitaldi hori Donostian antolatzeko aukera, baina orain arte ez zen gauzatu, egoitza bi urte inguruko aurrerapenarekin erabakitzen baita normalean. Prozesua hautagaitza bat prestatzean, elkarte zientifikoari aurkeztean eta dagokion edizioaren aurreko kongresuan defendatzean datza.

Donostia San Sebastián Turismoaren Convention Bureau-ren laguntza eta aholkularitza bereziki baliagarriak izan dira prozesu osoan. Haien lankidetzari esker, elkarteko kideei gure inguruneak duen kalitate zientifiko eta teknologikoa ez ezik, hiriaren eta inguruko eremuaren erakargarritasun kultural, gastronomiko eta turistikoak ere erakutsi ahal izan dizkiegu.

Horrelako nazioarteko topaketetan, hainbat kontinentetako ikertzaileak biltzen direnez, programa zientifikoa funtsezkoa da, baina helmugak eskaintzen duen esperientzia orokorra ere garrantzitsua da.
Convention Bureau-ren babesa izateari esker, proposamena askoz modu profesionalagoan, egituratuagoan eta erakargarriagoan aurkeztu ahal izan dugu.

4. Zer beste hiri aurkeztu ziren hautagai, eta zure ustez, zer alderdi baloratu ziren bereziki Donostia egoitza gisa aukeratzeko? Kongresuen helmuga gisa, zer indargune ditu hiriak?

Esan dudan bezala, hiri enblematikoak bilatzen dira beti, eta, hainbat kontinentetako zientzialariek parte hartzen dutenez, kontinente bera ez errepikatzea izaten da helburua. Iaz Afrikan antolatu zen, eta duela bi urte, Asian. Zalantza Amerika edo Europa aukeratzearen artean zegoen; beraz, gure proposamena une egokian iritsi zen, kongresua gure hirira ekartzeko.

5. Kongresurako aukeratutako egoitza Miramar Jauregia da. Zergatik aukeratu zenuten espazio hori, eta zer ekarpen egin diezaiokeela uste duzu parte-hartzaileen esperientziari?

Miramar Jauregia aukeratu genuen SIGNen ezaugarrietako kongresu bat hartzeko baldintza egokiak betetzen zituela egiaztatu ondoren. Aurreikusitako parte-hartzaile kopururako edukiera egokia, ekitaldiaren eguneroko logistika errazten duen kokapen zentrikoa eta Donostiaren nortasuna islatzen duen ingurune enblematikoa uztartzen ditu.

Uste dugu espazio horrek balio erantsia emango diola parte-hartzaileen esperientziari, ez bakarrik instalazioen kalitateagatik, baita kokapen bereziagatik eta hiriaren zein badiaren ikuspegi paregabeengatik ere. Gainera, parte-hartzaileak eroso mugitu ahal izango dira kongresuaren egoitzaren, ostatuen eta jarduera sozialen artean.

Zimbabwen egindako kongresuan hautagaitza aurkeztu genuenean, Miramar Jauregia aukeratu izanak interes handia piztu zuen, eta bertaratutako gehienek oso harrera ona egin zioten, bai espazioaren erakargarritasuna, bai hiriarena baloratu baitzituzten.

6. Donostiak ekosistema zientifiko eta teknologiko garrantzitsua du. Zure ustez, zer eginkizun du ezagutza-sare horrek hiriak nazioarteko kongresu espezializatuak erakartzeko duen gaitasunean?

Donostiak kongresu espezializatuak hartzeko nazioartean duen erakargarritasuna bi indargunetan oinarritzen da. Alde batetik, hiriak ingurune kultural, gastronomiko eta paisajistiko bikaina eskaintzen du. Bestetik, lehen mailako ekosistema zientifiko eta teknologikoa du, nazioartean aitortutako ikerketa-zentroek, unibertsitateek, ospitaleek eta enpresa berritzaileek osatua. Ezagutza sortzeko eta aurrerapen zientifikoak gidatzeko gaitasun hori erabakigarria da maila handiko topaketak erakartzeko orduan. Izan ere, parte-hartzaileek ez dute helmuga on bat bakarrik bilatzen, beren diziplinen etorkizuna eraikitzen ari den ingurune bat ere nahi dute.

7. Zer aurreratu dezakegu Donostian egingo den SIGN 2027 kongresuari buruz, jorratuko diren gaiei eta parte-hartzaileei dagokienez? Zer aplikazio praktiko dituzte arlo horretako aurrerapenek, eta nola egin diezaiekete mesede herritarrei?

SIGN 2027k erakutsiko du neuroesku-hartzeen, irudi mediko aurreratuaren eta adimen artifizialaren arteko uztarketak nola eraldatzen duen garuneko gaixotasunak diagnostikatzeko eta tratatzeko modua.
Medikuntzako, ingeniaritzako eta ikerketako nazioarteko adituak bilduko ditugu, esku-hartze zehatzagoak, ez hain inbaditzaileak eta seguruagoak ahalbidetuko dituzten teknologiak aurkezteko. Epe ertainera, horrek tratamendu hobeak ekarriko ditu minbizia, iktusa, aneurismak edo gaixotasun neurodegeneratiboak bezalako patologietarako, eta onura zuzena ekarriko die pazienteei eta osasun-sistemei.

8. SIGN 2027ren ospakizuna inguruko beste ikerketa-zentro, ikertzaile, ikasle eta enpresa batzuekin lotzeko lanean ari zarete? Zer lankidetza-aukera sor litezke?

Antolakuntzatik aldizkako bilerak egiten ari gara inguruko hainbat erakundetako ikertzaile, mediku eta ingeniariekin, besteak beste, Vicomtech, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) eta Donostia Unibertsitate Ospitalekoekin. Lankidetza horiei esker, interes komuneko arloak eta kongresutik harago joango diren proiektu bateratuak garatzeko aukerak identifikatzen ari gara.

Ikasleen eta ikertzaile gazteen parte-hartzea ere SIGN 2027ren ardatz nagusietako bat izango da. Lanak aurkeztuz ekarpen zientifikoak egiteaz gain, ekitaldiaren antolakuntzako hainbat alderditan parte hartzeko aukera izango dute, esperientzia praktikoa eskuratzeko eta beren etorkizun profesionalerako oso baliagarriak izan daitezkeen harremanak sortzeko.

Era berean, aktiboki ari gara lanean neuroesku-hartzeekin, irudi medikoarekin eta osasun-teknologia aurreratuekin lotutako enpresa-sarea inplikatzeko. Parte hartuko duten enpresen artean, irudi biomedikoaren arloko ohiko konpainiak ez ezik, kateterrak, laser-sistemak, ultrasoinu fokalizatuak, adimen artifiziala eta neurozientzietan aplikatutako beste teknologia berritzaile batzuk garatzen dituzten enpresak ere izatea espero dugu.

Diziplina anitzeko ingurune horrek lankidetza zientifiko, teknologiko eta kliniko berriak sortzea, ezagutzaren transferentzia sustatzea eta tokiko zein nazioarteko eragina izango duen berrikuntza-ekosistema sendotzen laguntzea espero dugu.

9. Kongresuak iraungo duen egunetatik harago, zer ondare uztea gustatuko litzaizuke SIGN 2027k CIC biomaGUNEn, tokiko komunitate zientifikoan eta hirian?

Eskerrik asko galderagatik. Kongresuaren egunetatik harago, SIGN 2027k hiru arlotan ondare iraunkorra uztea gustatuko litzaidake. Lehenik eta behin, CIC biomaGUNEn, irudi biomedikoaren, neurozientzia translazionalaren eta nerbio-sistemako gaixotasunak diagnostikatzeko eta tratatzeko teknologia aurreratuen arloetan nazioarteko erreferente gisa dugun posizioa sendotuz. Aukera bat izango litzateke proiektu, argitalpen eta finantzaketa-aukera berriak ekarriko dituzten lankidetza zientifikoak indartzeko. SIGN topaketetan beti sustatzen da helburua hori, eta horregatik saiatu izan naiz ni ere elkartearen bilkuretara joaten.

Bigarrenik, tokiko komunitate zientifikoa indartzen laguntzea gustatuko litzaidake, oinarrizko ikerketako ikertzaileak, profesional klinikoak, ingeniariak eta enpresa teknologikoak elkarrekin harremanetan jarriz.
SIGNen balio handienetako bat, hain zuzen ere, diziplina anitzeko izaera da, eta uste dut kongresuak katalizatzaile gisa jardun dezakeela normalean hain harreman estua izaten ez duten diziplinen arteko lankidetza berriak sortzeko.

Azkenik, Donostia zientziarekin, berrikuntzarekin eta osasunarekin konprometitutako hiri gisa nazioartean ezagutaraztea gustatuko litzaidake. Hiriak, kulturaren eta gastronomiaren arloan duen erakargarritasun ezagunaz gain, lehen mailako ekosistema zientifikoa du. Parte-hartzaileek beren herrialdeetara itzultzen direnean Donostia bikaintasun zientifikoarekin, lankidetzarekin eta berrikuntzarekin lotzen badute, 2027tik askoz harago iraungo duen arrastoa utziko dugula uste dut.

10. Amaitzeko, zer esango zenieke Donostia nazioarteko kongresu baten egoitza izateko hautagaitza sustatzea aztertzen ari diren arlo zientifiko, akademiko edo profesionaleko beste pertsona batzuei? Pausoa ematera animatuko zenituzke?

Nire esperientzia oso positiboa izaten ari da, eta, beraz, edozein ikertzaile edo profesional animatuko nuke Donostia nazioarteko kongresu baten egoitza gisa kontuan hartzera. Hiriak baldintza zientifiko, logistiko eta humano bikainak ditu. Parte-hartzaileek esperientzia gogoangarria bizitzen dute, eta antolatzaileek ekitaldia arrakastatsua izan dadin behar duten laguntza jasotzen dute. Zalantzarik gabe, merezi du pausoa ematea.
Convention Bureau
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.