Donostia kultur berrikuntzarako, mugikortasun jasangarrirako eta bikaintasun medikorako topagune bihurtuko da martxoan

Donostia erreferentziazko helmuga gisa finkatzen ari da ezagutzarekin, berrikuntzarekin eta sektoreen garapenarekin lotutako biltzarretarako. Martxoan hiru topaketa profesional egingo dira hirian. Horietan, sorkuntza artistiko garaikidearen, mugikortasun jasangarriaren eta anestesiologiaren arloetako adituak bilduko dira.

Martxoaren 3tik 7ra, Dantz Network Congress nazioarteko biltzarraren bigarren edizioa egingo da Kursaal Elkargunean. Nazioarteko topaketa horretan musika elektronikoaren eta abangoardiako musikaren sektoreko 1.500 profesional inguru bilduko dira. CONTEMPORARY CONCEPT SL enpresak bultzatu eta Donostia Turismoak babestutako biltzarra teknologiaren, joera artistiko emergenteen eta mundu-mailako kulturaren arteko elkargunea izango da. Nazioarteko foro horren helburua da lankidetzako eta ezagutzako sareak sortzea kultura- eta sormen-industrien esparruko sorkuntza eta berrikuntza berrien inguruan.

Bestalde, martxoaren 25ean eta 26an, MUBIL Mobility Expo azokaren bosgarren edizioa egingo da Ficoban, MUBILek (Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroa) bultzatuta. Elkarretaratze profesional horretan mugikortasun jasangarriaren alderdi industrial eta digitalaren balio-kate guztiko hainbat ordezkari bilduko dira; hain zuzen ere, Europa hegoaldean arlo horren inguruan egiten den topagune nagusietako bat bihurtu da. Azokan 100 erakusketari baino gehiago egongo dira, hala Estatukoak nola Europako hamar hiritatik etorriak, eta gunearen helburua sektorean ekonomia-, teknologia-, lurralde- eta gizarte-eraldaketa bultzatzea izango da, mugikortasun-eredu garbi, irisgarri, seguru eta konektatuagoak lortze aldera.

Azkenik, martxoaren 26tik 29ra, Anestesiologiaren, Suspertzearen eta Minaren Terapiaren XXXVIII. Biltzar Nazionala (SEDAR) egingo da Kursaal Elkargunean, Osakidetzak bultzatuta, eta osasun-arloko 1.300 profesional baino gehiago bilduko dira han. Biltzar horretan aukera egongo da espezialitate mediko horren inguruko ezagutza zientifikoak, esperientzia klinikoak eta aurrerapen teknologikoak partekatzeko, lanbide barruko sare-lana eta espezialisten arteko lankidetza sustatuko direlako.

Ekitaldioi esker, indartu egiten da Donostiak kultur industrien, mugikortasun adimendunaren eta osasunaren funtsezko sektoreekin lotutako biltzar estrategikoen egoitza gisa duen posizionamendua, eta hiria garapen jasangarriarekin eta ezagutzarekin konprometituta dagoen MICE helmuga lehiakor eta berritzailea dela helarazten da.
 
Convention Bureau
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.