ELKARRIZKETA | César Gutiérrez, MUBILeko Zuzendari Nagusia, eta Zuriñe Varela, City Science Lab Gipuzkoa Scientific Director

City Science Summit 2026

«Donostia ezagutza-sare global baten aterpe izango da, baina benetako balioa nazioarteko begirada hori Euskal Herriak dituen erronkekin lotzea izango da»

2026ko azaroan, City Science Summit antolatuko da Donostian, City Science Network-en urteroko topaketa, alegia; MIT Media Lab-ekin lotura duen nazioarteko sare bat da eta hiri-zientzian, mugikortasunean, plangintzan, teknologian, datuetan eta politika publikoetan erreferentzia diren laborategiak biltzen ditu.

César Gutiérrez MUBILeko eta City Science Lab Gipuzkoa-ko zuzendari nagusiarekin eta Zuriñe Varela City Science Lab Gipuzkoa-ko zuzendari zientifikoarekin bildu gara eta hainbat gai izan ditugu hizpide, besteak beste: hautagaitzaren prozesua, tokiko ekosistemaren zeregina, laborategiaren ikuspegi zientifikoa eta biltzar honek hirian eta lurraldean utz dezakeen ondarea.

City Science Network ezagutzen ez dutenentzat, nola azalduko zenukete zer den eta zer eginkizun duen nazioartean?

Z.V.: City Science Network nazioarteko sare bat da, MIT Media Lab-ek bultzatzen duena. Sare honek laborategiak, hiriak, unibertsitateak, ikerketa-zentroak eta erakunde publiko eta pribatuak lotzen ditu hirien eta lurraldeen etorkizuna birpentsatzeko, betiere zientzia, datuak eta berrikuntza aplikatua oinarri hartuta. Sareko kide dira: Taipei, Be’er Sheva, Hanburgo, BioBíoChile, Toronto, Shanghai, Guadalajara, Andorra eta Gipuzkoa. Sarearen balioa nazioarteko ezagutza partekatzean datza, komunitate bizigarriagoak, jasangarriagoak, inklusiboagoak eta erresilienteagoak sortzeko.

City Science Lab Gipuzkoa 2023an sortu zen, MUBILen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta MIT Media Lab-en arteko lankidetza-hitzarmenaren ondoren. Zer helbururekin sortzen da laborategi hau Gipuzkoan?

C.G.: City Science Lab Gipuzkoa MUBILen proiektu bat da eta apustu estrategiko gisa sortu zen, Gipuzkoa eta Euskadi mugikortasun adimendunaren eta jasangarriaren esparruan lurralde aurreratu gisa posizionatzeko asmoz. MUBILen uste dugu etorkizuneko mugikortasunari ikuspegi zabal batetik heldu behar zaiola: herritarrak nola mugitzen diren, lurraldea nola konektatzen den, emisioak nola murrizten diren eta industriarentzako aukerak nola sortzen diren. Ezagutzaren, teknologiaren, politika publikoen eta industriaren arteko elkargunean lan egiteko aukera ematen digu laborategiak, hain zuzen ere lurralde eskala erabilgarri bat, industria-ahalmen handi bat, ekosistema zientifiko teknologiko finkatu bat eta proiektu eraldatzaileekin konprometitutako administrazio bat aprobetxatzeko. MUBILentzat funtsezko tresna bat da erronkak aurreikusteko, erronka horiek proiektu aplikagarri bihurtzeko eta benetako eragina duten erabaki hobeak hartzen lagunduko duen ezagutza sortzeko.

Z.V.: Ikuspegi zientifikotik, eta mugikortasunaren, lurraldearen, jasangarritasunaren eta garapen ekonomikoaren arteko harremana hobeto ulertzeko, laborategiak datuekin, analisi ereduekin, simulazioekin eta metodologia aurreratuekin egiten du lan. Aztertu nahi dugu pertsonak nola mugitzen diren, oinarrizko zerbitzuak nola eskuratzen dituzten, joan-etorri horiek CO2 isurietan nolako eragina duten, eta mugikortasunak lurralde kohesio handiagoa lortzen nola lagun dezakeen. Gure helburua ez da ikerketa diagnostikora mugatzea, irtenbideak diseinatzen laguntzea baizik. Hori dela eta, laborategiak analisi zientifikoa, tokiko eragileekiko lankidetza eta nazioarteko ezagutzarekiko konexioa konbinatzen ditu.

Zer da zehazki City Science Summit eta zerk bereizten du beste biltzar edo topaketa zientifiko batzuetatik?

Z.V.: City Science Summit City Science Network-en urteroko topaketa da. Hiri-zientziaren, mugikortasasunaren, plangintzaren, teknologiaren eta erabakiak hartzearen alorrean adituak diren ikertzaileak, unibertsitateak, arduradun publikoak, hiri laborategiak eta nazioarteko adituak biltzen ditu. Beste biltzar batzuk ez bezala, ez da soil-soilik amaitutako ikerketak aurkezteko espazio bat, baizik eta erronkak, metodologiak eta ikaskuntzak partekatzen dituzten laborategien eta hirien arteko lan plataforma bat. Ponentziak, lan saioak, tailerrak, erakustaldiak eta trukeak konbinatzen ditu, hausnarketa zientifikoa eta aplikazio praktikoa elkarrekin lotuz. Gainera, urte osoan etenik ez duen lankidetza baten parte da. Ikerketaren, nazioarteko lankidetzaren eta hirietan eta lurraldeetan duen benetako eraginaren arteko konbinazio hori bera da alderik handiena.

Noiz sortu zen Donostiako hautagaitza aurkezteko ideia? Zuen ustez, zer faktore izan ziren funtsezkoak hori lortzeko?

C.G.: Donostiako hautagaitza aurkezteko ideia, partekatutako ikuspegi estrategiko batetik sortu zen: Euskadik bere burua posizionatu nahi badu mugikortasun adimendunean eta jasangarrian erreferentziazko lurralde gisa, nazioarteko sareetan egon beharko du, ezagutza aurreratua bertan sortzen baita. City Science Summit oso ondo moldatzen zen anbizio horrekin, ez bakarrik biltzar gisa, baizik eta MUBIL – City Science Lab Gipuzkoa-ren lana eta tokiko ekosistema erakusteko aukera gisa. Funtsezkoak izan ziren: Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromiso instituzionala; ehun enpresarial, zientifiko eta teknologikoaren sendotasuna; laborategia finkatuta egotea; eta Donostiak nazioartean duen erakargarritasuna. Estrategia argi bat, ekosistema aktibo bat eta balio proposamen sendo bat dituen lurralde baten hautagaitza izan zen.

Nolakoa izan zen hautagaitza prestatzeko prozesua? Lagundu al zizuen tokiko aliatuak (adibidez, Donostia San Sebastián Turismoa, Convention Bureau, Kursaal edota Tabakalera) izateak?

C.G.: Hautagaitza prestatzeko prozesua adibide ezin hobea izan zen argi ikusteko nola lan egin dezakeen lurraldeak helburu partekatu bat dagoenean. Maila operatiboan, Donostia San Sebastián Turismoa, Convention Bureau, Kursaal, Tabakalera eta era horretako aliatuak izatea garrantzitsua izan zen, Donostiak Summit bere gain hartzeko interesa izateaz gain, gauzak ondo egiteko gaitasuna ere bazuela oso garbi geratu zelako. Baina garrantzitsuena koordinazioa izan zen: erakundeen, jakintzaren, enpresen eta eragile espezializatuen artean lankidetzan aritzeko gai den ekosistema batek lerrokatutako eta babestutako hiri bat eta lurralde bat aurkeztu baitzituen hautagaitzak.

Zer aurreratu dezakegu 2026an Donostian egitekoa den City Science Summit-i buruz? Zein izango da edizio honen ardatz tematikoa eta zein profil etorriko dira hirira? 

Z.V.: 2026ko City Science Summit-ek City Science Network-en nazioarteko komunitatea bilduko du, baita hiri-zientziaren, plangintzen, mugikortasunaren, teknologiaren eta politika publikoen arloko beste hainbat eragile ere. Edizioa “In-Between” lelopean egingo da, errealitate ezberdinak dituzten lurraldeei buruzko hausnarketa egitera gonbidatzen baitu: hiri eremua eta landa eremua, ikerketa eta aplikazio praktikoa, datuak eta politika publikoak, teknologia eta benetako premiak izango dira hausnartu beharreko gaiak. Gipuzkoak oso ikuspegi interesgarria eskain dezake, zeren, metropoli handia ez bada ere, tamaina egokia du mugikortasuna, irisgarritasuna, lurralde kohesioa eta hiriaren, industriaren eta ingurunearen arteko harremana aztertzeko. Parte hartuko duten profilen jatorria askotarikoa izango da: arlo akademikoa, unibertsitateak, hiri laborategiak, administrazio publikoak, ikerketa eta teknologia guneak, datuen arloko adituak, eta abar. Aurkezpenak, tailerrak, erakustaldiak eta trukerako espazioak uztartuko ditu egitarauak.

C.G.: MUBILen gaudenok, Summit-ek Euskal Herriko erronka estrategikoekin lotura argia izatea nahi dugu. Horregatik, MUBILen jarduera-eremuari jarraituz, lan ardatz nagusietako bat mugikortasun adimenduna eta jasangarria izango da. Gai hau emisioak murriztearen ikuspegitik jorratzea ondo dago, baina lurralde kohesiotik eta industria-garapenetik ere jorratu behar da: nola konektatu hobeto lurraldea, nola hobetu pertsonen bizi kalitatea, nola sortu aukera berriak gure enpresentzat, eta abar. Summit goi bilera Euskadin eraikitzen ari dena erakusteko aukera bat izango da: laborategiak, enpresak, zentro teknologikoak, unibertsitateak, administrazio publikoa eta berrikuntza aplikatuko proiektuak batzen dituen mugikortasunaren ekosistema osoa. Egun horietan, Donostia topagune globala eta benetako gaitasunen erakusleihoa izango da.

Zer legatu gustatuko litzaizueke biltzarrak hirian eta lurraldean uztea?

C.G.: Summit-en legatua ez litzateke neurtu behar soilik parte-hartzaileen kopuruaren arabera edo egun horietan sortutako nazioarteko ikusgarritasunaren arabera. Gerora geratuko diren loturak, proiektuak eta lankidetzak izango dira benetan garrantzitsuena. City Science Summit-ek mugikortasun adimendunaren eta jasangarriaren alorrean Euskadi nazioarteko erreferentziazko lurralde gisa indartzea gustatuko litzaiguke, eta ezagutza zientifikoa, gaitasun industrialak, berrikuntza teknologikoa eta politika publikoak lotzeko gai izatea. Gipuzkoa living lab delako ideia ere indartu nahi dugu: konponbideak aztertu, testatu eta garatu daitezkeen lurralde bat. Gainera, gure lankidetza publiko-pribatuaren eredua ikusarazi behar du, eta nazioarteko harreman berriak ireki behar ditu lurraldearekin lankidetzan aritzeko interesa duten ikertzaile, laborategi, hiri eta erakundeekin.

Ikertzaile bat, profesional bat edo tokiko erakunde bat animatu beharko bazenute nazioarteko biltzar bat Donostiara ekartzera, zer esango zeniokete?

C.G.: Donostiak eta Euskadik aurkitzen oso zaila den konbinazio bat dutela esango nioke. Donostia hiri erakargarria eta ezaguna da, eta nazioarteko goi mailako ekitaldiak hartzeko gaitasuna du: bizi kalitatea, kultura, gastronomia, ingurune naturala eta biltzarren esperientzia errazten duen dimentsio bat eskaintzen ditu. Baina garrantzitsuena da Euskal Herriak ez duela soilik ekitaldi bat egiteko leku bat eskaintzen, edukiak ere eskaintzen ditu: ehun zientifiko-teknologiko sendoa, industria hurbila, inplikatutako erakundeak eta lankidetzaren kultura. Nazioarteko biltzar bat erakartzeak ahalegina, koordinazioa eta anbizioa eskatzen ditu, baina horrek balio handia sorraraz dezake: gaitasunak posizionatu, sare globalekin konektatu eta lankidetza-bide berriak ireki. Horregatik, hautagaitza bat bultzatzeko gaitasuna duen edozein pertsona edo erakunde animatuko nuke hori egitera.

Z.V.: Ikerketaren ikuspegitik, esango nuke nazioarteko biltzar bat ekartzeak ez duela bakarrik balio hemen egiten duguna erakusteko; ikasteko, ikuspegiak kontrastatzeko eta lankidetza berriak irekitzeko ere balio du eta. Nazioarteko sare bat lurraldera etortzen denean, balio handiko truke bat gertatzen da, eta horrek ibilbidea izan dezake ekitaldiaz harago. Ikertzaile batentzat edo tokiko erakunde batentzat, nazioarteko biltzar bat erakartzea oso modu eraginkorra izan daiteke bere lana komunitate global batekin konektatzeko, aukera berriak sortzeko eta lurraldearen posizionamendua eremu estrategikoetan indartzeko.

2026ko City Science Summit-ek hirien, mugikortasunaren eta lurraldeen etorkizunari buruzko nazioarteko elkarrizketa baten erdigunean jarriko ditu Donostia eta Euskal Herria. MUBILentzat eta City Science Lab Gipuzkoa-rentzat aukera bikaina izango da ezagutza partekatzeko, gaitasunak erakusteko eta apustu estrategikoa indartzeko: erronka globalekin konektaturiko mugikortasun adimendunaren eta jasangarriaren eremuan Euskadi erreferentziazko lurraldea izan dadin.

Convention Bureau
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.