Bilerak egiteko gune gisa aurkeztu du bere burua Donostiak nazioartean, Spain Convention Bureaurekin batera

Kongresuen eta Ekitaldien sailaren bidez, Donostia Turismoa, azaroan, hiru ekintza birtualetan ari da parte hartzen, nazioarteko merkatuetan Donostia bilera profesionalak eta sustapen-bilerak egiteko gune gisa sustatzeko helburuz.

2020 san sebastian kursaalDonostia / San Sebastián

Donostia Turismoa, azaroan, nazioarteko hainbat merkatutan hiriaren sustapena egiten ari da Kongresuen eta Ekitaldien sailaren bidez, eta Spain Convention Bureaurekin batera. Lehenengo sustapen-ekintza azaroaren 12an egin zuten, Frantziako merkatuari zuzenduta. 15 helmuga eta 15 erosleren arteko elkarrizketa irekia izan zen. Donostia Turismoak aurkezpen birtual bat egin zuen, eta era guztietako MICE ekitaldiak (Meetings, incentives, conferences and exhibitions) egiteko nazioarteko erreferentziazko gune gisa aurkeztu zuen hiria.

Bigarren sustapen-ekintza azaroaren 24an egingo dute, Italiako merkatuari zuzenduta. Kasu honetan ere lineako elkarrizketa irekia egingo dute 15 guneren eta 15 erosleren artean; Donostian kongresuak edo sustapen-ekintzak antola ditzaketen erosle potentzialak izango dira.

Hirugarrenik, azaroaren 26an Donostia Turismoak workshop birtualaren formatua erabiliko du merkatu britainiarrari gunea aurkezteko. Banakako bilerak egingo dituzte Erresuma Batuko hainbat eroslerekin; gure hirian negozio-bilerak egiteko interesa duten erosleak izango dira horiek ere.

Cristina Lage Turismo Jasangarriko zinegotziak honako hau adierazi du: “Hain zuzen ere, bilerekin lotutako turismoa da gure ardatz estrategikoetako bat, eta Donostia gero eta hobeto posizionatuta dago ardatz horretan. Turismo profesionala da, eta lurraldeko sektore ekonomikoak dinamizatzen laguntzen du. Turismoa pandemiaren ondorioak zuzenean jasaten ari den honetan, honelako ekitaldiak erakartzearen aldeko apustua egin behar dugu, tokiko ekonomiari mesede egiten dioten ekitaldiak baitira, zalantzarik gabe”.

Kongresuen eta Ekitaldien sailaren bidez, MICE sektoreko tokiko agenteei eta enpresei aholkularitza, konpainia eta laguntza eskaintzeko lanean jarraitzen du Donostia Turismoak. Era berean, lanean ari da nazioartean hiria bilera profesionalen alorreko gune gisa sustatzeko.