Noiz ekarri ekitaldi bat Donostiara

Itsasoaren eta mendien artean dagoenez eta dituen ezaugarriak eta klima aintzat hartuta, edozein urte-sasoi da ona Donostiara etortzeko. Edozein urtarotan goza daiteke bertako gastronomiaren, artearen, kulturaren eta euskal tradizioen izaera irekiaz eta berritzaileaz, estilo propioan.

Udazkena

Udazkeneko hilabeteetan, zuhaitzek eta azoketan salgai egoten diren sasoiko produktuek kolorez janzten dituzte hiriko kaleak.

Klima leuna izaten da eta egunak, artean, luzeak. Beraz, garai egokia da pintxo-ibilbide bat egiteko, parkeetan eta auzoetako txokoetan paseatzeko, elkarte gastronomiko batera joatearen esperientzia dastatzeko eta sukaldaritzari lotuta eskaintzen diren askotariko ikastaro eta tailerrak egiteko.

Runner edo korrilakarientzat garai bikaina da, sasoi honetan egiten baita Behobia-Donostia enblematikoa eta Donostiako Maratoia, eta lasterketa laburrak eta distantzia ertainekoak ere ugari izaten dira.

Baina udazkena, Donostian, hori baino askoz gehiago da. Udazkena ekitaldi eta jaialdien sinonimo da. Irailean hasten da kolorea, kultura eta tradizioa darizkion ikuskizuna, Kontxako estropadarekin. Traineretan egiten dute arraun arraunlariek badian, hainbeste irrikatutako Bandera lortzeko lehian. Antzinatik datorkigun kirola da.

Eta iraila glamourrez beteta amaitzen da, Donostia Zinemaldiarekin. Une aproposa da, halaber, Balenciaga museora joateko, goi mailako joskintzako altxor ederrak ikusi nahi izanez gero.

Urrian ere bada zinema, zonbiek eta pertsonaia ikaragarriek hartzen baitute hiria Fantasia eta Beldurrezko Zinemaren astean. Eta azaroan liburuen txanda, Literaktum jaialdiarekin. Literaturari buruzko jaialdi honekin itxiko dugu Donostian udazkenaren kapitulua, negukoari bide emateko.

Informazio gehiago 

Negua

Neguan, magia berezia izaten du hiriak. Itsasoa eta zerua kolore berean urtzen dira, olatuak harkaitzen gainetik saltoka ibiltzen dira, ikuskizun harrigarriak eskainiz, eta kaleak argiz eta gaztaina erre usainez betetzen dira.

Urte-sasoi egokia da Euskal Herriko tradizio errotuenak ezagutzeko; hala nola San Tomas eguneko azoka, abenduaren 21ean. Hiriak txistorra eta talo egin berrien usaina hartzen du egun horretan eta kaleak euskal kulturako jantzi tradizionalez betetzen dira.

Sagardotegi batera joan eta bakailao eta txuletaz osatutako menua dastatu eta upelen artean txotx egiteko ere garai egokia da; baita pilota-partida batera joateko ere.

Eta urtarrilean hiriaren egun handia izaten da. San Sebastian eguna. Egun berezi-berezi horretan, donostiarrak Napoleonen soldaduz eta sukaldariz janzten dira eta danbor-tarrapatak jotzen dituzte Raimundo Sarriegiren martxaren erritmora, 24 orduz.

Donostiar sentitzeko garai aproposa da. Pasealeku Berrian olatuak nola lehertzen diren eta Haizearen orrazian nola jolasten diren ere ikusiko duzu eta euskal kulturaren tradizio gastronomikoak ere dastatu ahal izango dituzu.

Informazio gehiago 

Udaberria

Garai bikaina da udaberria kanpoko ekitaldietarako; izan ere, hiriko lorategi eta parke ugariak lorez janzten dira eta kolore biziz betetzen dute hiria.

Negua igaro ondoren, loratu egiten da Donostia, udaberriaren etorrerarekin. Urte-garai honetan nazioarteko dFERIA jaialdia izaten da, eta dantza eta antzerkia gidari direla, hiria artez busti eta aire zabaleko agertoki erraldoi bihurtzen da.

Hilabete horietan, egunak luzatzen eta tenperaturak gozatzen hasten dira eta garai bikaina da, beraz, itsasertzeko 6 km horietan paseatzeko, edo taula hartu eta Zurriolan surfaz gozatzeko. Surfa egiteko munduko hondartza onenetako bat dugu Zurriolakoa.

Eta gastronomia gustuko dutenek txakolindegiak ezagutzeko aukera izango dute. Txakolina egiten dute bertan, Euskal Herriko ardo berezi bat. Gaztandegi batera ere joan daitezke, Idiazabal gazta egiten ikastera, artzainek irakatsita.

Urte-garai honetan ere ez da jaialdirik falta izaten; horien artean da Olatu Talka eta hiria herritarren energiazko olatuetan murgiltzen du. Giza Eskubideen Nazioarteko Zinemaldia ere izaten da eta jaialdi hori da Donostiak bisitarien eta herritarren artean bakearen eta elkarbizitzaren kultura hedatzeko hartua duen erabaki irmoaren erakusgarrietako bat.

Informazio gehiago 

Uda

Ekaina iristean, tenperaturak igo egiten dira eta gogoa sortzen da Donostian eta hiru hondartzetako edozeinetako uretan murgiltzeko, nabigatu eta itsasertzaren edertasunaz gozatzeko edo Santa Klara uhartera igeri joan eta hango ur gardenez gozatzeko.

Tenperaturak ez dira kiskalgarriak izaten eta horri esker, turismo kulturalaz gozatzeko aukera izaten da. Gainera, denboran ere bidaiatu daiteke, Igeldo mendiko atrakzio-parke enblematikora 1902ko funikularrean igota, edota kanpoan kirola egin, hirian paseoan ibili eta inguruetako mendietara irtenalditxoak egin.

Udako gauak bizi-biziak izaten dira: terraza lasaiak, musika zuzenean eta izozki eder bat dastatzearen erritua.

Hiriko plazak euskal kulturan errotutako kirol-lehiaketez betetzen dira: sokatira, harri-jasotzaileak eta aizkolariak ikusteko aukera izaten da. Eta kaleak ekitaldi eta jaialdien agertoki bihurtzen dira; horien artean dira Heinneken Jazzladia eta Musika Hamabostaldia. Garaikidetasunaren eta klasizismoaren arteko elkartze perfektua, Euskal Herriaren funtsa ezagutzeko.

Informazio gehiago 

 

Calendario de festivos

  • 01urtarrilakUrteberri-eguna
  • 06urtarrilakErrege-eguna
  • 20urtarrilakSan Sebastian eguna
  • 19martxoakSan Jose eguna
  • 01maiatzakLangileen Nazioarteko Eguna
  • 25UztailakJakue eguna
  • 15AbuztuakAndre Mariaren Jasokunde eguna
  • 12UrriakEgun Nazionala
  • 01AzaroakSantu guztien eguna
  • 06AbenduakEspainiako Konstituzioaren eguna
  • 08AbenduakAndre Maria Sortzez Garbiaren eguna
  • 25AbenduakEguberri eguna