Spain Convention Bureauk urriaren 7tik 8ra bitartean antolatutako Bileren Turismoari buruzko topaketa egingo da Donostian
- 2021 Urr 07
- Spain Convention Bureauk (SCB) presentzialtasuna berreskuratu eta 57 turismoguneei dei egin die Donostian elkar daitezen
- Topaketa urriaren 7 eta 8an izango da Basque Culinary Centerren eta MICE sektoreko ehun teknikari eta ordezkari inguru bertaratzea aurrez ikusi dute.
- Egitarau barruan dago jasota FEMPen baitan eratutako Kongresuen Hirien Sarearen Urteko Batzarra egitea.
- Donostia Turismoak kongresuen inguruko turismoaren alde egiten du, jarduera estrategikoa delako eta turismogunearen posizionamenduari laguntzen diolako.
Bileren Turismoari buruzko topaketa urriaren 7 eta 8an egingo da Donostian eta Donostia Turismoako Kongresu eta Ekitaldien sailaren laguntza jasoko du. Gainera, egitarau barruan sartuta dago Kongresuen Hirien Sarearen Urteko Batzarra egitea. Erakundea Udalerrien eta Probintzien Espainiako Federazioaren (FEMP) baitan eratuta dago.
Aurreikuspenen arabera, hitzorduan SCB osatzen duten Espainiako 57 turismoguneetako ehun ordezkari eta profesional inguru elkartuko da. MICE sektorea bere jarduera pixkanaka berreskuratzen ari da; topaketa hau izango da 2019an Benidormen egindakoaren ondoren antolatutako lehenengoa eta urteko azken hiruhileko honetako jardueren egutegia irekiko du.
Basque Culinary Center izango da topaketaren egoitza eta SCBko presidenteak eta Kanaria Handiko Las Palmaseko alkateak, Augusto Hidalgok, inauguratuko du Donostiako Udaleko eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioko agintariekin batera.
Inaugurazio-hitzaldia Miguel Sanzek, Turespañako zuzendari nagusiak, eskaini eta 2021-2024ko Marketin Plana aurkeztuko du. Dokumentu hori da Espainia markaren eta turismogune guztien sustapenerako eta posizionamendurako ibilbide-orria.
Spain Convention Bureauk, Donostia Turismoako Kongresu eta Ekitaldi sailarekin batera, sektorea egun lanean ari den testuinguruari buruzko informazioa ematera bideratutako eztabaida-mahai batzuk antolatu ditu:
Landuko duten lehen gaia, hain zuzen ere, honako hau izango da: “COVID ondorengo bileren turismoa. Errealitate berria turismoguneetan”. Kepa Olabarrietak, Bilbao Convention Bureauko presidenteak; Fay Taylorek, Spain DMCk, eta Onofre Vicentek, OPC Euskadiko presienteak, hartuko dute parte.
Goizaren amaieran, topaketak ekitaldien kontratazioan eta turismoguneen aukeraketan gero eta garrantzi handiagoa duten bi ardatz landuko ditu: “Jasangarritasuna eta Digitalizazioa sustapen-tresna gisa”. Mahaia hauek osatuko dute: David Noack, Madrid Convention Bureauko zuzendaria; Víctor Cañizares, SITE Españako presidentea eta José Chamorro, Centro España de Meliá Hoteles-eko salmenta arloko zuzendaria.
MICE industriaren joerei dagokienez, elkarrizketa egingo dute bi adituk: Óscar Cerezalesek, Chief Strategy Officer MCIk, eta Enric Jovék, Espainiako McCann-eko CIOak.
Jardunaldiaren amaieran, gai hau izango dute hizpide: “Zer behar dute turismogune bateko ekitaldietako enpresa eta antolatzaile profesionalek?”. Mahaian izango dira María Gómez, EMA Spaineko presidentea; David Benítez, CEO Cocoa Network Dude; Carlos Lorenzo, AEVEAko presidenteordea; eta Mari José Beltrán de Guevara, Donostia Turismoako Kongresuen eta Ekitaldien arduraduna.
Urriaren 8ko, ostiraleko, jardunaldiak bi zati izango ditu. Alde batetik, “Convention Bureauen rola. Lan-ildo berriak” gaia landuko dute eta turismoguneek kongresuen egutegiak izan duen berrantolaketari eta ekitaldien susperraldiari gaur egun aurre nola egiten dieten azalduko dute.
Bestalde, Spain Convention Bureauren Urteko Batzarra egingo dute. Landu beharreko puntu nagusietako bat da 2022rako lan-egutegia onartzea. Ekitaldia funtsezkoa izango da sektorerako eta nazioarteko beste merkatu batzuen aurrean posizionatzeko.
Kongresuetako jarduera da Donostia Turismoak bultzatzen dituen ildo estrategikoetako bat; izan ere, ezagutza sortzen eta partekatzen laguntzen du, baita tokiko jarduera ekonomikoa kokatzen, bistaratzen eta dinamizatzen ere. Horregatik, Kongresu eta Ekitaldi saila lurraldeko profesionalekin etengabeko harremanean ari da lanean eta bilera profesionalak Donostiara erakartzeko duten interesa egiaztatu du.