Donostiak zazpigarren urtez jarraian hartuko du sortzaileen klubaren biltzarra

  • C de C sortzaileen klubak, Donostia Turismoaren laguntzaz, Donostian antolatu du komunikazioaren eta marketinaren esparruko profesionalen topaketarik handiena den C egunak biltzarraren zazpigarren edizioa.
  • Aurtengo jardunaldia berriz ere presentziala izango da, eta Donostiako Kursaal biltzar jauregian egingo da maiatzaren 20tik 21era bitartean.
  • Gainera, datozen hiru urteotan ere Donostian egingo da C egunak topaketa, sortzaileen klubak eta hiriko udalak hitzarmen berria sinatu baitute eta 2024ra arte egongo baita indarrean.
  • DSS Turismoak era horretako biltzarrak babestearen aldeko apustua egiten du, jarduera estrategiko eta helmugaren posizionamendu moduan.

cdc oharra1

C de C sortzaileen klubak, Convention Bureau departamentuaren laguntzaz, aurten ere, modu presentzialean, Donostian jarri du abian C egunak topaketa, azken zazpi urteotan hartu duen hiriarekin leiala izanda. Jardunaldia maiatzaren 20tik 21era itzuliko da hirira, eta, aurreko urteetan bezala, Kursaal biltzar jauregian egingo da.

Gainera, c de c sortzaileen klubak eta Donostiako Udalak sinatutako akordioari esker, datozen hiru urteotan ere, 2024ra arte, Donostian egingo da C egunak topaketa.

DSS Turismoak bilera-turismoaren aldeko apustua egiten jarraitzen du, ezagutzaren ekonomia eta helmugaren posizionamendua sustatzeko jarduera estrategiko moduan. Alde horretatik, C egunak topaketa babesten du biltzarra Donostian egiteak duen garrantziarengatik, komunikazioaren eta marketinaren arloko profesionalen topaketa nagusia eta erreferentziako topagunea baita.

Cristina Lagé Turismo Jasangarriaren zinegotziak adierazi duenez, “aurten ere C de C Donostian egingo da eta DSS Turismoak zalantzarik gabe lagunduko du, baina aurten hemen egitea bezain garrantzitsua da datozen hiru urteotan jarraipena izateko hitzarmena sinatu izana. Biltzarren eta ekitaldien sektorea sustatzea estrategikoa da gure gidaplanerako, eta bide horretan ari gara lanean”.  

2022ko C egunak biltzarraren helburua sormena ospatzea da, gizakiaren eraldaketa-tresnarik ahaltsuena, sortzaileek eta industria osoak duten eta egunero erabiltzen duten tresna, izanik.  

Sortu ahal izatea: munduko lanik onena” leloaren pean, sorkuntzaren mirariaren inguruan inspiratzeko, ikasteko, eztabaidatzeko eta esperientziak bizitzeko bi jardunaldi egingo dira.  Networking txoko bat ere izango da; izan ere, topaketa, marketinaren eta komunikazioaren industriaren arloko handiena, berriz ere erabat presentziala izango da, pandemiaren aurretik bezala

Metak lagunduta C de C sortzaileen klubak antolatu duen edizio honetan ikuspegi ezberdinetatik aztertuko da sormenaren ahalmen hori, eta hogei bat txostengilek hitz egingo digute istorioak sortu ahal izateaz, zentsurarik gabe sortu ahal izateaz, kontzientzia sortu ahal izateaz, arte bisuala sortu ahal izateaz, askatasunez sortu ahal izateaz, errealitatea sortu ahal izateaz eta baita oker sortu ahal izateaz ere.

2022ko C egunak maiatzaren 12an amaituko dira, Sormenaren Sari Nazionalak emateko ekitaldiarekin, eta Ohorezko c de c saria aurten Concha Werti, klubaren zuzendariari, emango diote.

Meta antolatzailekide duen Biltzarraren babesleak Donostia San Sebastian Turismoa, Donostiako Udala, Gipuzkoa Turismoa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Kursaal dira, eta laguntzaileak Estrella Galicia, Super8, Deluxe, Antestático, Creast, AEA eta Scopen.