Donostian ekainean egingo diren biltzar nagusiak
- 2024 Mai 30
Ekainean zehar, estatu eta nazioarte mailako hainbat kongresu eta bilera egingo dira Donostian. Eta, besteak beste, honako hauek dira nabarmendu beharrekoak:
5 - 7 European South Atlantic Biphysics Congress (ESAB) - KURSAAL
Hego Atlantikoko Biofisikako Bilera Europarra ekainaren 5etik 7ra egingo da Kursaaleko Kongresu Jauregian. Gainera, ekainaren 4an eta 5ean, hasierako fasean dauden ikertzaileei zuzenduta, Tailer Satelite bat egingo da eta 50 ikasle izango dira bertan.
Espainiako Biofisika Elkartea (EBE), Frantziako Biofisika Elkartea (FBE) eta Portugalgo Biofisika Elkartea (PBE) dira kongresuaren antolatzaileak, eta zientzialariak biltzea du helburu, biofisikaren arloan egiten dituzten ikerketarik nabarmenenak aurkez ditzaten.
Donostiako ekitaldia hiru elkarteen arteko eskualde mailako hitzarmen baten lehena da, eta horren helburua da biofisika sustatzeko aldizkako konferentziak antolatzea, batez ere Europako hego-mendebaldeko zientzialari gazteen artean.
350 parte hartzaile inguru bertaratzea aurreikusita dago.
7 - 9 Bioterra – FICOBA
Ekainaren 7tik 9ra, FICOBA erakustazokan, Bioterraren 21. edizioa egingo da, hau da, produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren Euskadiko azoka.
Ekitaldi hau, garapen jasangarriari eta kontzientziazio ekologikoari eskainitako plataforma gisa aurkezten da. Hiru egunetan bio produktuak, elikagai osasungarriak, moda jasangarria eta esku lanak izango dira ikusgai Ficobako azokan.
Gainera, egitarau zabala prestatu da, erakusketak, dastak eta tailerrak barne.
Azoka-egun horietan 10.000 bisitari inguru espero dira.
11 - 14 International Symposium on Laser Precision Microfabrication (LPM) – KURSAAL
Laser bidezko Doitasun Handiko Mikrofabrikazioari buruzko Nazioarteko Sinposioaren 25. edizioa (LPM2024) ekainaren 11tik 14ra egingo da Kursaaleko Kongresu Jauregian.
Doitasun handiko mikrofabrikazioaren funtsezko printzipioak eztabaidatzeko espazio bat zabaltzea eta sektorearen barruko joerak aurreratzea dira kongresu honen helburu nagusiak.
Miniaturizazioa eta doitasun handia prozesu eta produktu industrial askoren funtsezko elementu bihurtzen ari dira; laser mikrofabrikazioaren erabileran pizten duten interes gero eta handiagoa hortik dator, hain zuzen.
LPM sinposioa txandaka antolatzen dute Japonian eta beste herrialde batzuetan. Urte honetatik aurrera, Donostia anfitrioietako bat izango da. Orain arte, hiri hauek izan dira sinposioa hartu dutenak: Omiya, Singapur, Osaka, Munich, Nara, Williamsburg, Kioto, Viena, Quebec, Kobe, Stuttgart, Takamatsu, Washington D.C., Niigata, Vilnius, Kokura, Xi'an, Toyama, Edinburgo, Hiroshima, Dresde eta Hirosaki.
300en bat pertsonak hartuko dute parte.
11 - 13 Azti Summer School - GES4EAS European Project – AQUARIUM
AZTIren Udako Eskolaren 20. edizio hau ekainaren 11tik 13ra antolatuko da Donostiako Aquariumean, eta honako izenburu hau izango du: "Bridging the Gap Between Marine Science and Policy: Communicating for Informed Society and Decision-Making" ("Itsas zientziaren eta politikaren arteko arrakala ixtea: gizartea informatzeko eta erabakiak hartzeko komunikatu beharra").
Ikuspegi teoriko-praktiko batetik abiatuta, ikastaroan hainbat tresna eta metodo aurkeztuko dira, zientziaren eta politikaren arteko lotura modu eraginkorrean ahalbidetuko duten ideien transmisioa hobetzeko. Horretarako, hiru jardunaldi programatu dira, haietako bakoitza publiko jakin bati zuzenduta; erabaki politikoak hartzen diren espazioetan zientzia integratzen lagundu nahi duten zientzialari, kazetari, profesional eta kudeatzaileen esperientziak partekatuko dituzte bertan.
Beren jardun profesionalaren etapa ezberdinetan dauden zientzialariak ez ezik, komunikatzaileak, kudeatzaileak eta arduradun politikoak ere ditu jomuga ekimen honek.
70en bat pertsonak parte hartzea espero da.
24 - 27 Sol Skymag 2024 - International Conference on Magnetism and Spintronics - MIRAMAR JAUREGIA
Ekainaren 24tik 27ra, Sol-SkyMag nazioarteko konferentzia antolatuko dute zortzigarrenik Miramar Jauregian (Sol-SkyMag izena ‘Solitons and Skyrmion Magnetism’ esapidearen laburdura da).
Nanomagnetismoaren eta spintronikaren egungo egoera, oraintsuko aurrerapenak eta garapena ebaluatzea da konferentziaren helburu nagusia. Nazioarteko foro bat da, arloko azken aurrerapenak eta joerak eztabaidatzeko eta etorkizunean sor daitezkeen lankidetzak aztertzeko antolatua.
Bi dira helburu espezifikoak: nanomagnestimoaren, dinamikaren eta spinen garraioaren arloetan lan egiten duten ikertzailerik onenen komunitatea biltzea, eta, haien ikerketek izan ditzaketen aplikazioei buruzko proposamenak aurkeztea.
Sol-Skymag 2024an 60ren bat profesional bertaratzea espero da.