Uztaileko kongresu nabarmenak Donostian
- 2024 Uzt 01
Uztailean zehar biltzar ugari antolatuko dira gure hirian. Azpimarratzekoa da gehienak nazioarteko biltzarrak direla eta sektore zientifiko teknologikoaren barruan daudela.
1 – 3 INTERNATIONAL WORKSHOP ON QUANTUM ANTIMONIDES RESEARCH & UPSCALING (IQARUS) - Kursaal
Antimoniuro kuantikoen ikerketari eta hobekuntzari buruzko nazioarteko tailer hau Kursaal Biltzar Jauregian eta Auditorioan izango da, uztailaren 1etik 3ra bitartean.
Iqarus ekimena Quantimony programaren parte da eta duela 4 urte jarri zen martxan, antimonioan oinarritutako material erdieroaleen arloan ikerketa industriala eta akademikoa sustatzeko helburuarekin. Prestakuntza zientifikoaren eta ingeniaritzaren alderdi guztiak batzen ditu, ekaien hazkundetik hasi eta horien ustiapen industrialeraino.
Nazioarteko workshop honetara zientziaren eta teknologiaren arloko 100en bat profesional etortzea espero da.
4 – 5 9th INTERNATIONAL CONFERENCE ON NEW BUSINESS MODELS (NBM) - Orona Ideo
Negozio Eredu Berriei buruzko Nazioarteko Konferentziaren (NBM) bederatzigarren edizioa Orona Ideo eraikinean izango da uztailaren 4an eta 5ean.
NBM2024 ekimena lider gisa nabarmendu da negozio eredu jasangarriei buruzko eztabaidan. Negozioen jasangarritasunaren ikuspegi holistikoago batetik abiatuta, trantsizio teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa eta soziala integratzen dituzten negozio ereduak garatu nahi dituztenei zuzenduta dago topaketa eta hausnarketarako foro hau.
Konferentzia hibridoa izaki, online zein aurrez aurre parte hartzeko aukera dago.
10 – 12 MANAGEMENT MEETING MAXAM - Hotel NH Aránzazu
Maxam bilera, ekai energetikoetan espezializatutako munduko konpainiako zuzendarien bilera alegia, uztailaren 10etik 12ra bitartean egingo da Donostiako NH Aránzazu hotelean.
75 pertsona inguru bertaratuko dira, eta nabarmentzekoa da Donostia Turismoko Convention Bureauk irabazitako hautagaitza dela .
14 – 16 BIENNIAL HEMINGWAY SOCIETY CONFERENCE - Kursaal
Hemingway Elkartearen bi urtean behingo hogeigarren konferentzia Kursaal Biltzar Jauregian izango da uztailaren 14tik 16ra bitartean eta 200 lagun inguru bertaratzea espero da.
Konferentzia hau bi urtean behin antolatzen da Ernest Hemingwayrentzat esanguratsuak izandako lekuetan, dela Estatu Batuetan dela beste herrialde batzuetan.
Bertan, Hemingwayren bizitzarekin eta obrarekin zerikusia duten gai akademiko eta kreatzaileak jorratzen dira, normalean tokian tokiko zerbaitean inspiratuak.
20. edizio honetan parte hartzen dutenak gonbidatuta daude Euskal Herriko jendea, lekuak, sukaldaritza eta kultura ezagutzera.
15 – 19 QUANTUM DESIGNER PHYSICS (QDP2024) - Miramar Jauregia
Uztailaren 15etik 19ra Quantum Designer Phisicis tailerra antolatuko da Miramar Jauregian; nanoeskalako fenomeno fisiko misteriotsuenetako batzuk aztertzeko berariaz diseinatutako ekaien sistemetan berriki egindako aurrerapenak nabarmenduko dira bertan.
Oro har, fenomeno horiek errotazioarekin, topologiarekin eta koherentziarekin daude lotuta; hori dela eta, ekai jakin batzuek funtzionaltasun kuantikoak erakuts ditzakete.
200en bat adituk hartuko dute parte ekitaldi zientifiko honetan.
15 – 19 FISIKAKO ESPAINIAR ERRET ELKARTEAREN (RSEF) BIURTEKO BILERA – Musikene / Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola - Donostia (UPV/EHU)
RSEFren Fisikako XXXIX. Biurtekoa Donostian egingo da uztailaren 15etik 19ra bitartean, hala Goi Mailako Musika Ikastegian (Musikene) nola Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan.
Biurtekoan hitzaldiak emango dira fisikaren arloko adituen eskutik; sektorearen egungo arazo nagusietako batzuei buruzko elkarrizketak ere izango dira, bai eta sinposio espezializatuak ere.
Gainera, hainbat jarduera antolatuko dira fisikaren arloa eta arlo horrek publiko orokorrari egiten dion ekarpena ezagutarazteko.
22 – 26 NANOTECHNOLOGY MEETS QUANTUM INFORMATION (NanoQI'24) – Miramar Jauregia
NanoQI'24 udako ikastaroa uztailaren 22tik 26ra egingo da Miramar Jautegian.
Informazio kuantikoari eta egoera solidoan oinarritutako teknologia kuantikoei buruzko teoriaren arlo nagusietan egin diren aurrerapenak eta horien oinarriak azalduko dira bertan.
Informazioaren eta teknologia kuantikoen prozesamendu kuantikoan interesa duten doktoretza ondoko gazteei eta doktoregoko ikasleei zuzenduta dago ekitaldia; hitzaldiak ere izango dira arloko ikertzaile nabarmenen eskutik.
28 – 01 OPTICAL MEMS AND NANOPHOTONICS (OMN) - Aquarium
MEMS Optikoei eta Nanofotonikari buruzko Nazioarteko Konferentzia Donostiako Aquariumean antolatuko da uztailaren 28tik abuztuaren 1era.
Urtero antolatzen den biltzar honetan, optikarekin eta mikro eta nano eskalarekin lotuta dauden ikerketa-gaiak jorratzen dira.
Konferentziak MEMS optikoen eta nanofotonikaren arloan egindako azken aurkikuntzen berri emateko aukera eskaintzen die ikertzaileei; halaber, industriako eta mundu akademikoko ikertzaile eta ingeniarien artean truke zientifikoa sustatzeko aukera ere eskaintzen du.