Donostia Turismoako Convention Bureauk Bartzelonako IBTMn duen presentzia sendotu du

ibtm 2024

  • Donostia Turismoaren delegazio bat, 11 enpresa bazkideren ordezkariekin batera, Bartzelonako IBTM Azokan egongo da azaroaren 19tik 21era, Basquetourren eskutik.
  • DSS Turismoak eta bere enpresa bazkideek hitzorduz beteriko agenda izango dute profesionalen topaketa horretan. Azoka mundu osoko negozio eta kongresu bidaien sektoreko garrantzitsuenetako bat da.

IBTM azoka Bartzelonan egingo da azaroaren 19tik 21era eta negozioen arloko bileren, pizgarrien, bidaien, kongresuen eta ekitaldien sektoreko hitzordu garrantzitsuenetakoa da. 2024ko edizioan mundu osoko 12.000 profesionalek hartuko dute parte, erakusketarien eta eragileen artean. Horietatik, 2.300 baino gehiago profil asoziatibo eta korporatiboa duten ekitaldi-antolatzaileak eta ekitaldi-agentziak dira.

Donostia Turismoarekin batera 11 enpresa bazkidek parte hartuko dute azokan: Aquarium, Palacio de Congresos Kursaal eta Ficoba bilera-egoitzak; InBasque, Hagoos, Basque Destination, GS Incoming eta Local Experts Tours DMCak; eta Tres Reyes San Sebastián, Hotel Londres y de Inglaterra eta Arima Hotel & Spa hotelak. 

Establezimendu bazkideak funtsezko elementua dira hiriaren turismo sustapenerako eta Donostiaren irudia indartzen dute kalitate handiko azpiegitura, zerbitzu eta baliabide bikainak eskaintzen dituen negozio helmuga gisa.

Donostiak Basquetourren eskutik parte hartuko du azokan eta Basque Country erakustokian egongo da. Bartzelonan, Donostiako delegazioaren agenda nazioarteko merkatuetako eragileekin eta bezero potentzialekin antolatutako bilerez gainezka egongo da. Lan bilera hauetan, Donostia Turismoaren Convention Bureau bulegoko arduradunek hiriak segmentu honetako bileren helmuga gisa eskaintzen dituen aukerak azalduko dizkiete agentzia interesdunei eta etorkizuneko lankidetza bihurtu ahalko diren kontaktu berriak ezarriko dituzte.

MICE sektorea Donostia Turismoaren Plan Zuzendariaren ardatz nagusietako bat da. Plan horrekin turismo jasangarriaren eta segmentu estrategikoei zuzendutako sustapenaren aldeko apustua egin da, hala nola MICE sektorea, hirira talentua eta ezaguera ekartzen duena eta Donostia nazioarteko esparruan posizionatzen duena.

Donostia Turismoako Convention Bureauk 18 urte daramatza IBTM Azokan parte hartzen eta 9 urte BasqueTourren eskutik.