Donostiak zientziaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egin izanak hiria nazioarteko kongresuetarako hiri giltzarri bihurtzen du

Hiriak 188 ekitaldi estrategiko eta 259 000 parte-hartzaile baino gehiagorekin itxi zuen 2024a. Era berean, 2025ean nanoteknologiari, biozientziei eta adimen artifizialari buruzko biltzar zientifikoak egingo dira, hiriak abangoardiako ikerketaren alde egiten duen apustua indartzeko.

mice prentsaurrekoa 2025

Donostiak kongresu eta topaketa profesionalen kopuru-markarekin itxi zuen 2024a: hiriaren estrategiarekin bat zetozen 188 ekitaldi profesional egin ziren , eta 259 000 parte-hartzaile baino gehiago egon ziren. Ekitaldiok garapen zientifiko, teknologiko eta soziala bezalako funtsezko gaietan zentratuta zeuden, eta horrek argi eta garbi erakusten du hiriak ezagutza- eta berrikuntza-erreferentea dela. Zifra horrek % 7,43ko igoera dakar 2023arekin alderatuta, eta marka berria ezartzen du. Datu horrek finkatzen du Donostia helmuga ezin hobea dela horrelako bilerak eta topaketak hartzeko.

Egindako ekitaldi profesional guztietatik, % 50 nazioartekoak izan dira, eta hainbat lekutan izan dira, hala nola Kursaalen (% 24), hiriko hainbat hoteletan (% 18), Miramar jauregian (% 13) edo unibertsitateetako campusetan (% 10).

Ekitaldi horiek hiria nazioartean ezagutaraztea ekarri dute, ezagutzaren, berrikuntzaren eta kulturaren arteko topagune gisa.

Zer da MICE turismoa?

MICE (Meetings, Incentives, Conferences, Exhibitions) terminoak biltzarretan, bileretan, azoketan eta abarretan parte hartzeko asmoz arrazoi profesionalengatik egiten diren bidaiei egiten die erreferentzia. Segmentu espezializatua da, eta Donostia Turismoa duela 30 urte baino gehiagotik ari da horretan lanean, Convention Bureau sailaren bitartez. Helburua argia da: Donostia nazioarteko erreferentziazko helmuga gisa kokatzea, hirirako eta herritarrentzat estrategikoak diren ekitaldi profesionalak hartzeko.

Donostia Turismoaren lana: erakartze eta sustapen aktiboa

  • Ekitaldi profesionalak erakartzea eta horiek hartzeko helmuga sustatzea.
  • Tokiko sustatzaileekin lankidetzan aritzea, sektore estrategikoei lotutako ekitaldiak erakartzeko.
  • Nazioko zein nazioarteko hautagaitzak aurkeztea.
  • Itun publiko-pribatuak sortzea, helmugaren lehiakortasuna hobetzeko.
  • Erakundeek ekitaldi estrategikoei laguntza ematea eta ondarea sortzea, ekitaldi bakoitzak hirian eragin positiboa izango duela bermatuz.
  • MICE turismoan espezializatutako azoketan eta tailerretan parte hartzea

Zientziak, teknologiak, jasangarritasunak eta osasunak markatutako 2024a

2024an, zientziarekin, teknologiarekin, jasangarritasunarekin eta osasunarekin lotutako kongresuak egin dira. Urtean zehar egindako ekitaldi profesionalen % 43 zientifikoa eta teknologikoa izan da. Horrek hiria biltzar espezializatuetarako erreferente gisa finkatu du, existitzen den ekosistema dela eta, zeina dagoeneko erreferente baita nazioartean. Bioteknologiaren sektorea protagonista nagusietako bat izan da. Europako topaketetan inbertitzaileak, enpresa berriak eta enpresa handiak bildu dira, osasunari eta industriari aplikatutako bioteknologiaren etorkizunari buruz eztabaidatzeko.

Jasangarritasunak ere garrantzi handia izan du, ekonomia zirkularrari eta plastikoen moduko materialen eraldaketari eskainitako biltzarrekin. Berrikuntzak ekoizpen-eredu jasangarriagoetarako trantsizioan nola lagun dezakeen ere aztertu da.

Arlo zientifikoan, fisika kuantikoan, nanoteknologian eta mikro-fabrikazio aurreratuan espezializatutako foroak hartu ditu Donostiak, eta nazioarteko adituek ikerketa eta garapen teknologikoko azken aurrerapenak partekatu dituzte bertan.

Bestalde, osasunaren eremuak hainbat topaketatan arreta jarri du, eta adimen artifiziala eta digitalizazioa osasun-sistemak nola eraldatzen ari diren aztertu dira. Ikuspegi horrek apustu bikoitza islatzen du: alde batetik, hiriak sektore biosanitarioarekin duen konpromisoa eta, bestetik, erronka globalei heltzen dieten ekitaldiak erakartzeko duen gaitasuna.

Azkenik, gastronomiak leku pribilegiatua izaten jarraitu du kongresuen agendan, Donostia goi-sukaldaritzaren munduko epizentrotzat hartzen duten nazioarteko erreferentziazko ekitaldiekin.

2025 funtsezko urtea da kongresuen helmuga gisa sendotzeko

2025 funtsezko urtea da Donostia biltzarretarako hiri gisa sendotzeko. Urtea indartsu hasi da, eta horrelako ekitaldietarako erabiltzen diren espazioek dagoeneko baieztapenak dituzte mota desberdinetako ekitaldietarako. Horrela, 2025ean, hiria nanoteknologia, biozientzia eta adimen artifizialeko biltzar zientifikoen lekuko izango da, DIPC, CIC nanoGUNE eta Polymat bezalako erreferentzia-zentroen eskutik antolatuak. Horrek hiriak abangoardiako ikerketaren alde egindako apustu sendoa indartzen du.

Lehen mailako zientzia Donostian

Maiatzaren 21etik 23ra, Anatomia Patologikoaren Espainiako Elkartearen (SEAP-IAP) Kongresu Nazionalak medikuntzako 1500 profesional bilduko ditu Kursaaleko Kongresu Jauregian, eta di-agnostiko molekularrean eta onkologiako biomarkatzaileetan egindako azken aurrerapenak na-barmenduko dira.
Gainera, maiatzaren 28tik 30era, Donostia Is Science kongresua egingo da EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, Kimika Fakultatearen 50. urteurrena dela eta. Ekitaldi horretan, zazpi ikertzaileri Ikerkuntzako Euskadi Sari ospetsua emango zaie.

Ekainean, Elebitasunari buruzko Nazioarteko Sinposioa egingo da, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) erakundeak sustatua, neurozientzian eta hizkuntzalaritzan egindako azken aurrerapenak aztertzeko.

Bestalde, Donostiak nazioarteko enpresen konbentzio korporatiboak hartuko ditu, ingurune pribilegiatuak, zerbitzuen kalitateak eta hiriaren prestigio zientifikoak erakarrita.

 

X