Donostia, ezagutza zientifiko eta kulturalaren gunea irailean
- 2025 Ira 01
Donostia jardueraz beteriko irailerako prestatzen ari da, hiria berrikuntzarako eta jakintzen trukerako topagune gisa finkatzen duten hainbat kongresu eta ekitaldirekin. Horien artean nabarmentzekoak dira fisikari, osasun digitalari, itsasgarrien industriari eta, nola ez, Donostiako Zinemaldi ospetsuari buruzko topaketak.
Joint International Workshop on Hadron Structure and Spectroscopy (IWHSS 2025) and The QCD Structure of the Nucleon (QCD-N'25) topaketarekin hasiko da hila, irailaren 1etik 5era, EHUko Carlos Santamaría Zentroan. EHU Quantum Center-ek antolatutako ekitaldi honetan 80 parte-hartzaile bilduko dira. Helburu nagusia nukleoiaren eta hadroien egitura aztertzeko azken aurrerapenak aztertzea da, baita kromodinamika kuantikoarekin lotutako gaiak ere. Kongresu honetan saio berezi bat ere egingo da, HERMESen datu-bilketaren hasieraren 30. urteurrena ospatzeko.
Irailaren 10etik 12ra, Kursaal Kongresu Jauregia European Adhesive & Sealant Conference and Expo (FEICA)-ren egoitza izango da. FEICA - Association of the European Adhesive & Sealant Industry-ek antolatutako ekitaldi honek 600 parte-hartzaile espero ditu. Biltzarra gune giltzarria da itsasgarrien eta zigilatzaileen sektoreko liderrek jasangarritasunaz, berrikuntzaz eta teknologia berriez eztabaida dezaten, eta industria gizartea eraldatzeko eta pertsonen bizitza hobetzen duten irtenbideak garatzeko motor gisa kokatzea du helburu.
Geroago, irailaren 15etik 17ra, Miramar Jauregiak XII. Osasun Digitalaren Nazioarteko Kongresua hartuko du. 160 parte-hartzaileekin, kongresu hau EHUko Udako Ikastaroen esparruan ospatuko da, eta informazio eta komunikazio teknologiek (IKT) auto-zaintza, laguntza-kalitatea eta osasun-sistemaren eraginkortasuna nola hobetu ditzaketen aztertuko du.
Hilabetearen amaiera gisa, Donostiako Nazioarteko 73. Zinemaldia ospatuko da, irailaren 19tik 27ra, nagusiki Kursaal Kongresu Jauregian. Industriaren arloan 5.300 parte-hartzaile izango dira, eta jaialdiak ezagutzak transmititzeko topagune gisa duen papera indartzen du. Hitzaldi magistralak, mahai-inguruak eta topaketak egingo dira, elkarrizketa sustatzeko eta zinemako profesionalentzat akordio eta negozio aukerak sortzeko.