Donostia ikerketarako, zibersegurtasunerako eta emakumeen kirolerako topagune bihurtuko da azaroan

Hilabete honetan, berriz ere, Donostia goi mailako biltzarren egoitza izango da; hain zuzen, azaroan, lau topaketa garrantzitsu egingo dira hirian, eta 1.100 profesional inguru bilduko dira, askotariko esparrutakoak: ikerketa eta berrikuntza teknologikoa, genero berdintasuna eta ingurumen osasuna, besteak beste.

congresos noviembre 2025

Hilabeteko jarduerak azaroaren 6an eta 7an hasiko dira, Sociedad Ibérica de Biomecánica y Biomateriales (SIBB) sozietatearen Nazioarteko XLVII. Biltzarrarekin. Miramar Jauregian egingo da eta 200 parte hartzaile izango ditu. CICbiomaGUNEk eta Polymatek antolatuta, biltzarrean sozietatearen hiru arlo nagusiak jorratuko dira –biomaterialak, biomedikuntza eta kirol biomekanika–, eta diziplina arteko foro dinamiko bat egingo da, ikertzaileek beren aurrerapen berrienak aurkezteko.

Azaroaren 17tik 18ra, Cyberfront Donostia 2025 ekitaldia egingo da, hiriko gune emblematiko batzuetan: Kursaalean, Tabakaleran eta Ekinnen egoitzan. GAIA Klusterrak eta CyberEusek antolatutako ekitaldian 600 parte hartzaile bilduko dira, zibersegurtasunaren eta mugako teknologien alorreko erronka eta aukera berrienen inguruan eztabaidatzeko.

Hil amaiera aldera, 25ean eta 26an, EHUk bultzatutako Gizarte desparekotasunei, ingurumenari eta osasunari buruzko Jardunaldi Zientifikoak (INMA-Infancia y Medio Ambiente) egingo dira, Jesús Ibarluzea ikertzailearen eskutik. Foro horrek 100 parte hartzaile inguru izango ditu, eta gizarte desparekotasunen, ingurumenaren eta osasunaren arteko lotura aztertuko du, bereziki haurrekin lotuta, alor horretan ezagutza inklusiboagoa eta estrategikoagoa sortze aldera.

Azkenik, azaroaren 28an eta 29an, Emakumeak eta Kirola IV. Estatuko Biltzarra (CEMYD) egingo da, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Emakumeak eta Kirola Biltzarraren Elkarte Nazionalak antolatuta, eta 160 lagun inguruk hartuko dute parte. “Joko arauak aldatuz” lelopean, biltzarraren xedea da emakumeek Espainiako kirolean duten egoerari buruz hausnartu eta eztabaidatzea, oztopo iraunkorrak identifikatzea eta benetan berdintasuna eta ahalduntzea bultzatuko dituzten irtenbide berritzaileak sustatzea.

Programazio trinko horri guztiari esker, indartu egiten da Donostiak tokiko MICE ekosisteman (Meetings, Incentives, Conferences & Exhibitions) inpaktua eragiten duten eta berori dinamizatzen duten biltzar espezializatuak erakarri eta berean hartzeko duen ahalmena. Beste behin ere, hiriak truke akademiko, profesional eta teknologikorako helmuga pribilegiatu gisa aurkezten du bere burua.

Ikusi kongresuen egutegia

X