10 arrazoi Donostia aukeratzeko
Edertasun paregabea duelako
Donostia 186.000 biztanle dituen hiria da. Anfiteatro baten eran, itsasoari begira dago, eta munduan ezaguna da Kantauriko Perla esaten zaio badia zoragarriarengatik. Bere edertasun deigarriari, bertako giro kosmopolitari eta hirira datorren orori eskaintzen dion kalitateari esker, lehen mailako kongresu-helmuga bihurtu da azken urteotan.
Kokapen bikaina duelako
Hiria ezin hobeto kokatuta dago Europa barruan. Frantzireakiko mugatik 20 kilometrora eta gainerako euskal hiriburuetatik 100 kilometro baino gutxiagora dago, eta Donostian egonaldi bat eginez gero, toki enblematikoak ezagutzeko aukera izango duzu, hala nola Biarritzeko hondartza eder eta aristokratikoa eta Bilboko Guggenheim Museoa.
Bertara iristea erraza delako
Oso erraza da Donostiara iristea edozein garraiobide hartuta: etengabe hazten ari den bide-azpiegitura modernoa du, estatuko eta nazioarteko trenbidea, Frantziako TGVaren bidez, eta aireportu propioa. Gainera, autoz ordubete eskasera dago nazioarteko beste bi aireportutatik, Bilboko eta Biarritzeko aireportuetatik.
Oso erosoa delako
Donostiak tamaina egokia du bertan oinez edo bizikletaz ibiltzeko, eta, horri esker, negozio-turistak alde batetik bestera doan bitartean pasealekuez goatzeko, eta, beraz, bere egonaldia ahalik eta gehien aprobetxatzeko aukera izango du. Hiriak ezin konta ahala oinezkoentzako guneak parkeak, lorategiak, eta itsas ertzeko nahiz ibai-ertzeko pasealeku ikusgarriak ditu. Hortaz, oso erosoa da hiriko gunerik interesgarrienetara oinez edo bizikletaz iristeko.
Esperientzia zabala duelako
Donostia estatuko hiri nagusietako bat da ekitaldiak egiteari dagokionez; izan ere, esperientzia zabala du ekitaldiak antolatzen eta ondo hornitutako ekipamendu-sarea osatu du. Azpiegitura modernoak eta azken teknologiaz eta esperientzia handiko giza taldeez hornituak dituenez, zure bilerak arrakasta izateaz gain, ezin ahaztuzko topaketa izango da.
Kalitatearekin konpromisoa duelako
Donostia bere zerbitzu eta baliabide turistiko guztietan ematen duen kalitateak nabarmentzen duen helmuga da. Hiriak, helmugako turismo-bikaintasuna etengabeko helburu hartuta, kalitate-zigiluren bat duten zerbitzu, azpiegitura eta baliabide turistikoak ditu, ehun baino gehiago.
Gastronomia bikaina duelako
Donostia mundu osoan da ezaguna helmuga gastronomiko gisa, munduko beste ezein tokik baino Michelin izar gehiago baititu metro karratuko; gainera, euskal gastronomiaren biziberritzearen sorlekua izan da, “euskal sukaldaritza berria” mugimenduaren bitartez. Bertako lehengaien kalitatea eta mundu osoan ezagunak diren "pintxoak" bisitarien gozagarri izaten dira urte osoan.
Paregabea delako
Donostiak txoko paregabeak ditu, izugarri eder eta bereziak, eta, beraz, aukera ugari eta askotarikoak eskaintzen ditu bertan egiten diren ekitaldiak bereziak izateko. Koktelak, galako afariak edo ongietorri-ekitaldiak paregabeko gertakizunak izango dira honako toki hauetako batean egiten badituzu: Kontxako Badia ospetsuaren pareko "cottage" ingeles batean, gauez argiztatzen diren bi kubo zeharrargietako foyerrean edo urtero zinema-izar handiei harrera egiten dien hotel batean.
Arkitektura berezia duelako
Belle Epoque garaiak aztarna ederra utzi du Donostian, aurreko mendearen hasieratik Europako aristokraziak uda pasatzeko aukeratu duelako. Eraikin zoragarriak, hala nola Kasino Handia (gaur egun, udaletxea) eta Miramar jauregia, harmonia handiz nahasten dira Kursaaleko kubo beiraztatu ikusgarriekin eta Eduardo Chillida edo Jorge Oteiza artisten eskulturekin. Tradizioak eta modernotasunak, abangoardiak eta historiak bat egiten dute, neurri berean, hiri eder honetako txoko bakoitzean.
Kultura jarduera bizia duelako
Artistikoa, irekia, abangoardiakoa, sortzailea… Horregatik eta beste ezaugarri askorengatik, lortu du Donostiak 2016. urterako Europako Kultura Hiriburutza. Hiri kosmopolita honetan, munduan izen handia duten jaialdi ugari -hala nola Zinemaldia eta Jazzaldia- ez ezik, eguneroko adierazpen artistikoak ere ikusten dira, eta horiek bat eginda, programazio eszeniko eta kultural bizi eta askotarikoa sortzen da.