Enbaxadore Programak zazpi profesional berri izendatu ditu

Donostia Turismoak eta Kursaalek sustatuta

Donostia Turismoko Convention Bureau-k eta Kursaal Kongresu Jauregiak sustatuta, Enbaxadore Programaren barruan, hiriko hainbat arlotako zazpi profesional Donostiako enbaxadore izendatuko dira gaur. Kongresuak gure hirira erakartzeko orduan profesional horiek egiten duten ahalegina publikoki aintzatestea eta babestea da helburua, horrek eragin garrantzitsua baitu gure helmuga turistikorako, bai arlo ekonomikoaren ikuspegitik bai ezagutza sortzearen eta zabaltzearen ikuspegitik.

Zazpi "Enbaxadore" berriak publikoki aintzatetsi dituzte, gure hirira kongresuak erakartzeko egin duten lanagatik; beraz, 2012an sortu zen "klub prestigiotsu" horrekin bat egin dutenak guztira 82 profesional dira dagoeneko. Programak hainbat arlotako profesionalak (medikuntza, zientzia edo teknologiaren arlokoak) saritu nahi ditu, Donostian hautagaitzak aurkezten eta biltzarrak antolatzen lagundu baitute euren ahalegin pertsonal eta laboralaren bidez, gure hirian MICE (Meetings, Incentives, Conferences & Exhibitions) sektorea babestu eta sustatzeko helburuarekin. Hitzordu nazionalen kasuan, 450 ordezkari baino gehiago dituzten biltzarrak hartzen dira kontuan; eta nazioarteko foroen kasuan, 200 parte hartzaile baino gehiago dituztenak.

Ekitaldia gaur arratsaldean izango da Tabakalerako Prisma espazioan, eta Enbaxadore berriez gain, honako hauek ere izango dira ekitaldian: Eneko Goia, Donostiako alkatea eta Donostia Turismoko presidentea; Javier Larrañaga, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua eta Kursaal jauregiko kontseilaria; Isabel Aguirrezabala, Donostia Turismoko zuzendari gerentea; eta Iker Goikoetxea, Kursaal Kongresu Jauregiko zuzendari gerentea.

Aurten, 2022an egindako kongresuak direla-eta, honako profesional hauek aintzatetsi dira: Yago Torre-Enciso Enciso –International Conference on Ocean Energy (ICOE) & Ocean Energy Europe (OEE)–; Marcos Suárez García –International Conference on Ocean Energy (ICOE) & Ocean Energy Europe (OEE)–; Jesús Ibarluzea Maurolagoitia –Reunión Científica Anual de la Sociedad Española de Epidemiología (SEE)–; Borja Mugabure Bujedo –28ª Reunión Anual de la Sociedad Europea de Anestesia Regional y Tratamiento del Dolor (ESRA)–; Carlos Yárnoz Ruiz –28ª Reunión Anual de la Sociedad Europea de Anestesia Regional y Tratamiento del Dolor (ESRA)–;  Iñaki Aizpuru Zubitur —Cilect Congress— Centre International de Liaison des Ecoles de Cinema et de Television– eta Pablo García Astrain –Europan 16, Forum of Cities and Juries.

enbaxadore2023 aurkezpena

 Kongresuen inpaktua

Donostia / San Sebastián hiria estatuko eta nazioarteko ekitaldi garrantzitsuen egoitza bihurtu duten pertsonen lana aintzatestea da Enbaxadore programaren helburua. Hiria estatuan eta nazioartean berrikuntza eta garapenerako erreferentziazko helmuga turistiko gisa kokatzea indartu egiten dute kongresuek.

Hautagaitza bat aurkezteak eta kongresu baten antolaketa sustatzeak ahalegin handia eskatzen dute, eta Donostia Turismoak (Convention Bureau sailaren bidez) eta Kursaal Kongresu Jauregiak ahalegin hori azpimarratu nahi dute, eskuzabaltasunez egina den lan horrek garrantzi handia baitu gure lurralderako, bai arlo ekonomikoaren ikuspegitik bai ezagutza sortzearen eta zabaltzearen ikuspegitik.
Biltzargintzaren barruan, kongresuak dira hazkunde potentzialik handieneko segmentuetako bat; kuantitatiboki, jarduerak horrek balio handia dakar berekin eta lurraldearen dinamizatzaile ekonomikoetako bat da. 2022. urtean 155 ekitaldi antolatu dira (kongresuak, jardunaldiak eta konbentzioak) eta horietatik % 60 nazioartekoak izan dira.


 

Aurreko edizioak